Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kleiber, Carlos

Argentinar orkestra zuzendaria, jatorriz alemaniarra (Berlin, 1930). Erich Kleiber austriar orkestra zuzendariaren semea da. 1935ean Carlosen aitak Argentinara emigratu zuen eta Carlosek Buenos Airesko Colón Antzokian egin zituen musika ikasketak. Europara itzuli zenean, kimika ikasi zuen, baina berehala utzi zuen bide hura eta musikari ekin zion buru-belarri. 1952an Municheko Gärtnerplatz-eko errepikatzaile izan zen, eta 1954an orkestra zuzendaria Potsdam-en. Horrez gainera, musika zuzendari izan zen Europako hainbat operetan: Rhin-eko Alemaniar Opera (Düsseldorf-Duisburg, 1956-1964), Zuricheko Opera (1964-1966), Stuttgart-ekoa (1966-1972). Stuttgart-eko Operan lan handia egin zuen, eta zorroztasun handiz zuzendu zituen egile germaniarrak (Weber, Wagner, Berg), frantsesak (Bizet) eta italiarrak (Verdi, Puccini). 1974-1976 bitartean Bayreuth-eko Jaialdira gonbidatu zuten, eta baita Pragako Udaberriko Jaialdira ere, 1974az geroztik.