Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kissin, Yevgeni

Errusiar piano-jotzailea (1917, Mosku). Ohi baino adimen handiagoko haurrentzako Gnessin Musika Eskolako ikasle izan zen. Sei urte zituela, Anna Pavlovna Kantor-ekin ikasten hasi zen. Hamabirekin, Frédéric Chopinen pianorako bi kontzertuak jo zituen Moskuko Filarmonikoarekin, baina batez ere Txaikovskiren pianorako 1. kontzertua opus 23 lanaren joaldiak –1987an, Herbert von Karajanen gidaritzapean, eta Berlingo Filarmonikoarekin– egin zuen ospetsu. Gero kontzertu bat eman zuen Tokion, zuzenean grabatua: Kissin in Tokyo. 1990eko irailean debuta egin zuen Estatu Batuetan, New Yorkeko Filarmonikoarekin, eta Zubin Mehtaren gidaritzapean: Chopinen Pianorako 1. kontzertua mi minorrean, opus 11 jo zuen. Besteak beste, Haydn, Mozart, Rachmaninov, Prokofiev eta Shostakovitxen kontzertuen grabazioak egin ditu Kissin: A Musical Portrait diskoan. Aipatutako musikari horien obrez gainera, Schumann, Liszt eta Beethovenenak ere baditu bere errepertorioan.