Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kipling, Rudyard

Britainiar idazlea (Bombay, 1865 - Londres, 1936). Bizitzako lehen urteak Indian eman zituen, baina 1871n Ingalaterrara bidali zuten. 1882an Indiara itzuli zen kazetari gisa. Garai hartakoa da Kiplingen gai eta giro ezagunenekiko ardura: zurien eta haien mendeko indiarren arteko harremanak, Britainia Handiaren xede zibilizatzailea, eta Indiako zibilizazio zaharraren eta azturen oroitzapena. Ordukoak dira Kiplingen kontakizunezko lehen saioak: Soldiers three (1888, Hiru gudari), eta Plains tales from the hills (1888, Mendiko ipuin lauak). Hala ere, benetako arrakasta Barrack-room balads (1892, Kasernako baladak) izeneko poema bildumarekin etorri zitzaion. Hitz lauz urtebete lehenago The ligth that failed (Argi itzalia) idatzia zuen, eta hiru maisu lan: The jungle book (1894, Oihaneko liburua); The second jungle book (1895), kontakizun laburren bildumak, eta Kim (1901, Koro Navarrok euskaratuta) eleberria. Bestalde, lan handia egin zuen abentura eleberriak idazten, nahiz eta bere ekoizpenean bigarren mailakotzat joak izan diren: Captains courageous (1897, Kapitain bulartsuak); Erdi Aroko giroarekin lotuak: Puck of Pook’s hill (1906, Pook mendiko Puck); haurtzaroarekin, Just so stories (1902, Ixtorioak baizik ez).  v  Literaturako Nobel saria jaso zuen 1907an.