Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kimika

iz. Gaien izaeraz, tasunaz eta osaeraz diharduen zientziaren alorra; orobat, gai horien artean izaten diren erreakzioak (erreakzio kimikoak) eta fenomeno kimikoak era logiko batean interpretatzen dituzten lege eta teoriak asmatzen eta formulatzen ditu. Fisikak ez bezala, materiaren fenomeno orokorrenak aztertzen baititu honek, materiaren egitura kontuan hartu gabe, kimikak gai bakoitza aztertzen, bere jatorria eta osatzeko era bilatzen, eta baldintza desberdinetan jasan ditzakeen eraldatzeak arakatzen du. Kimikariak aztertu behar dituen gaiei dagokienez, batzuk naturalak dira (harriak, ura, animalien hondakinak.) eta beste batzuk artifizialak (plastikoak, koloregaiak.) Hala ere, azken urte hauetan erlazio estuak sortu dira fisikaren eta kimikaren artean eta diziplina berriei bide eman diete (fisiko-kimika); gaur egun gero eta gehiago arduratzen dira biak atomoen eta molekulen gertaerez. Biologiarekin ere lotura estua du kimikak, eta izaki biziak osatzen dituzten gaietan gertatzen diren eraldatze kimikoak eta energia trukeak aztertzen dituen diziplina berri bat ezagutzen da gaur egun: biokimika.  v  Kimikaren historia. Zientzia esperimentalen edozein alorretan bezala kimikan ere elkarren mendeko diren bi alor bereizi behar dira: teknikena eta teoriena. Kimikaren historian aldi desberdinak bereiz daitezke alor horietako bakoitzak izan duen eraginaren arabera.  v  Antzinateko kimika. Teknika kimikoaz ezagutzen diren lehen datuak Egipton, Mesopotamian eta Txinan zenbait metal eta beira mota lortzeko egin zituzten lehenengo lanekin lotuta daude. Lan horiek mitologiarekin eta erlijioarekin zerikusi handia zuten. Aspalditik ezagutzen ziren urrea, zilarra, kobrea, eztainua eta beruna; K.a. 300. urte inguruan egin zen merkurioaren aurkikundea aurrerapen handi bat izan zen metalurgiaren bilakaeran, eta alkimiaren lehenengo lekukotasunarekin batera dator. Alkimiak lan esperimentalari eman zion bultzadak laborategietan erabiltzen diren zenbait tresna asmatzeko egokiera eman zuen (alanbikeak, matrazak, hozgailuak), eta medikuntzaren aurrerapena eragin zuten, ukendu eta baltsamo ugariren asmatzearekin. XIX. mendearen hasiera arte luzatu zen antzinateko zientzia honen eragina Mediterraneo ekialdean garatu zen Greziako zibilizazioak eten zuen. Han bizi ziren pentsalari ospetsuek (Enpedokle, Leuzipo, Demokrito eta Aristoteles) gauzen “zergatiak” ezagutu nahi zituzten eta ez zioten hainbesteko jaramonik egiten teknologiari eta esku-lanbideei. Espekulazio hutsak ziren teoriak asmatu zituzten materiari eta honen zatikortasunari buruz, baina teoria horiek eragin handia izan zuten.  v  Islama eta kristautasuna. Alexandrian sortutako alkimia (khemeia) hura arabiarren al-kimiya izan zen. Arabiarren alkimiak fruitu ugari eman zituen, Jabir Yibn Hayyan-en eskutik batez ere; izen hori alkimista talde baten ezizena zela diote adituek. Jabir-en izenpean idatzitako testu ugari ezagutzen dira alkalien, alkohol konzentratuen disoluzioen (“bizitzako urak” deituak), azido mineralen (bitrioloak) eta destilaziorako teknika eta tresnen berri ematen dutenak; ekarpen handiak izan ziren horiek kimika praktikoarentzat. Aipatzekoak dira bestalde Al Razi-k eta Ibn Sinak, alkimia medikuntzari aplikatu ziotenak (X-XI. mendeetan). XIII. mendean Alberto Magno alemaniarrak eta Bacon ingelesak arabiarren alkimiaren herentzia jaso, eta Aristotelesen dotrinarekin elkartu zuten, Europako alkimiari maila gorena emanez. Hala ere, XIV. eta XV. mendeetan elizak eta herri agintariek alkimia saioak debekatu zituzten eta alkimiak geldialdi bat izan zuen. Baina XVI. mendean sendagile batzuk metodo esperimentala erabiltzen hasi ziren, eta zenbait gaik gaixotasunak sendatzeko zuten ahalmena ikertu zuten (iatrokimika). Sendagile horien artean Paracelsus suitzarra nabarmendu zen. XVII. mendean zehar, Errenazimentuan beste zientziek hartu zuten tankera eta arrazionaltasuna bereganatzen hasi zen alkimia ere, eta Robert Boyleren The sceptical Chemist (1661) liburuak asko lagundu zuen bide horretan. Liburu horretan agertzen da lehen aldiz kimika hitza alkimia hitzaren ordez. Izadiko elementuak arrazonamendu bidez identifikatu ordez era praktiko batean definitu zituen, kimikaren teoria modernoaren bidean lehen pauso bat emanik. Kimika praktikoaren alorrean aipagarriak dira besteak beste Glauber (sodio sulfatoa aurkitu zuen) eta Van Helmont (gasen azterketa esperimentalari hasiera eman zion). Mende horren bukaerakoa da Georg Ernest Stahl-ek errekuntza esplikatzeko proposatu zuen flogistoaren teoria ere.  v  Kimika modernoa. Kimika modernoaren hasiera XVIII. mendean kokatu behar da. Mende horretan metal eta konposatu berriak (kobaltoa, nikela, platinoa, manganesoa, azido formikoa, glizerina, azido nitrikoa, sufre dioxidoa) aurkitu ziren, bakartu berriak ziren gasen (oxigenoa, karbono dioxidoa, nitrogenoa, kloroa) kimika garatu zuten Hales, Black, Priestley eta Scheele-k, Bergmann erreakzio kimikoak ingurune hezean egiten hasi zen, neurketari garrantzi handia ematen hasi zitzaion, etab. Baina kimika modernoaren benetako sortzailetzat Antoine-Laurent Lavoisier frantziarra hartzen da, hark formulatu zituen teoriei esker beste zientzien maila lortu baitzuen kimikak. Balantzaren erabilpen sistematikoa bultzatu zuen, teoria zaharrak arbuiatuz oxigenoak errekuntzan zuen zeregina esplikatzen zuen teoria bat agertu zuen, kimika izendegi orokor bat ezartzeko ahaleginak egin zituen etab. XIX. mendearen hasieran John Dalton-ek teoria atomikoa formulatu zuen, kimika modernoaren oinarri teorikoetako bat jarriz, eta proportzio anizkoitzen legea aurkitu zuen. Lehenxeago, 1799an, Proust frantziarrak emana zuen konposatuak osatzen zituzten elementuen proportzio mugatuen legea. 1811n Amedeo Avogadro-k bi gas desberdinen bolumen berdinek molekula kopuru bera dutela proposatu zuen. Horren arabera garbi geratzen zen materia banakoa atomoa dela, baina molekula dela erreakzio kimikoetan parte hartzen duen oinarrizko egitura. Berzelius suediarrak Dalton-en teoriaz eta elementu baten atomo bat beste elementu batzuen atomo kopuru desberdinekin konbina daitekeela aurkitu zuen. Gaur egun oraindik baliagarria den atomo pisuen taula ere hari zor zaio. XIX. mendeko kimikak garrantzi handiko beste bi aurkikunde ere egin zituen: gaien osaera ezagutzeko 1859an Bunsen-ek eta Kirchoff-ek garatutako espektrografia teknikak, eta elementu kimikoen sistema periodikoa, Mendeleiev-ek eta Meyer-ek bakoitzak bere aldetik asmatu zutena. Sistema periodiko honi esker ezagutzen ziren atomo guztiak sailkatu ahal izan ziren, ezagutzen ez ziren beste batzuen ezaugarriak aurrez ikusi, eta elementu kimiko bakoitzaren osaera kimiko eta tasun fisiko eta kimikoei buruz ondorioak atera. Mende horretan zehar elementu eta konposatu berri gehiago aurkitu ziren, eta lehen aldiz gai ez-organikoak erabiliz konposatu organiko bat, urea, lortu zuen Wöhler-ek, era horretara kimika organikoari bultzada handia emanez. Ondoren, gai organiko ugari (glukosak, alkoholak, metanoa, azetilenoa, alizarina, azido zitrikoa, glikola) sintetizatu zituzten Berthelot, Wurtz, Baeyer, Fischer, Graebe eta beste kimikari batzuek, eta aurrerapen handia egin zen gaien analisian eta gai horiek osatzen zituzten funtzio kimikoen eta gertatzen ziren isomeria prozesuen ikerketan. Aurkikunde hauen itzalean kimika industria garatzen hasi zen, XX. mendeko iraultzaren oinarriak jarri zituena. XX. mendearen hasieran atomoa osatzen duten zenbait gorpuzki aurkitu ziren, Rutherford-ek eta Bohr-ek atomo eredu berriak proposatu zituzten, Max Planck-ek quantumen mekanikaren oinarriak jarri zituen, Becquerel-ek erradioaktibitate naturala aurkitu zuen eta Curie senar-emazteek erradioaktibitate horri buruz azterketak egin zituzten. Geroago erradioaktibitate artifiziala eta uranioaren fisioa aurkitu ziren, era horretara energia nuklearra erabiltzeko eta elementu kimiko artifizial berriak asmatzeko (plutonioa, neptunioa) bidea emanez. XX. mendean industria kimikoak zabalkunde harrigarria izan zuen: gai sintetiko berriak fabrikatu ziren, eta medikuntzan, elikaduran, komunikabideetan, nekazaritzan, metalurgian eta abarretan benetako iraultza bat sortu zen.  v  Kimikaren sailkapena. Kimikak aztertzen dituen eremu ugariak eta beste diziplina batzuekin dituen erlazioak kontuan izanik nekez sailka daiteke zientzia hori ondo mugatutako alorretan. Hala ere, XX. mendean zehar bost alor nagusitan sailkatu izan da kimika: kimika organikoa, kimika ez-organikoa, kimika-fisika, kimika analitikoa eta biokimika. Kimika organikoa karbonoaren eta karbonoak beste gai batzuekin (hidrogenoa, oxigenoa, sufrea, nitrogenoa, fosforoa eta kloroa) osatzen dituen gaien kimika gisa definitzen da. Kimika inorganikoa, aldiz, gainerako konposatu kimikoen azterketaz arduratzen da. Kimika-fisika edozein sistema kimikotara hurbiltzeko metodoa da, gaien izaera organikoa edo inorganikoa kontuan hartu gabe. Neur daitezkeen tasun guztiez, metodo esperimentalez eta neurketa tresnez, teorien formulazioaz eta gisa horretako beste gairen azterketaz arduratzen da. Kimika analitikoa lagin batean dauden gaiak bereizteaz arduratzen da, beren kopurua ehunekotan mugatuz. Biokimika sistema biologikoen kimika da. XX. mendearen bukaeran kimikaren beste sailkapen batzuk proposatu izan dira; horien artean aipatzekoa da Estatu Batuetako Kimikari Elkartearen Chemical Abstracts aldizkariak proposatu zuena. Erakunde honek bost alor bereizten ditu kimikaren barruan: biokimika, kimika organikoa, kimika makromolekularra (polimeroen azterketaz arduratzen dena), kimika aplikatua eta ingeniaritza kimikoa, eta kimika fisikoa eta analitikoa.