Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kiangsi

(Pinjin transkripzioz Jiangxi). Txinako hegoaldeko probintzia. 167.000 km2. 34.210.000 biztanle (1985). Hiriburua: Nan-txan. Mugak: iparraldean Hupeh eta Anhwei probintziak; ekialdean Txekian eta Fukien, hegoaldean Kwangtung, eta mendebalean Hunan probintzia. Probintzia osoa Kan ibaiaren arroan eta Poyang aintziraren inguruan dago. Klima epela du: uda luze beroak, negu freskoak eta euri asko, apiriletik ekaina arte batez ere. Horren ondorioz urtean bi arroz uzta biltzen dira. Nekazaritzari dagokionez, Txinako probintziarik aberatsenetakoa da. Arrozaz gainera batata, tea, kotoia, tabakoa, soia, azukre kanabera eta fruitu asko landatzen eta biltzen dira. Meatzaritza: wolframioa, ikatza. Industria hiriburuaren inguruan dago, batez ere: nekazaritzako makineria, kimika industria, papera.  v  Historia. Sei dinastiaren garaian (220-589) aurrerapen handiak egin ziren Kiangsiko probintzian, Txina iparraldetik iritsitako etorkinek artea, kultura eta administrazio berrikuntzak ekarri zituztenean. Tang dinastiaren garaian (618-907) Txinako iparraldea eta hegoaldea lotzeko Ubide Handia ebaki zenean, Txina iparraldearen eta hegoaldearen arteko bide nagusiaren erdian geratu zen Kiangsi. Txing dinastiaren garaian (1644-1911) gerra luzeak izan ziren.