Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kazetaritza

iz. Kazetariaren jarduna edo lanbidea.  v  Masa komunikabideetako (prentsa, irratia, telebista…) albisteen hautatze, sailkatze eta hedapenarekin zerikusia duen jarduera edo lanbidea da kazetaritza.  v  Historia. Gaur egungo kazetaritzaren oinarri sendoenak inprentak jarri zituen. Lehen aldizkaria Kolonian argitaratu zen XVI. mendean, katolikoen eta protestanteen arteko gatazkaren berri emateko. XVII. mendeko lehen urteetan aldizkako prentsa erregularra (hilabetekariak eta astekariak) argitaratzen zen Alemanian, Herbehereetan eta Ingalaterran. Mende hartan, postaren erabilerak prozesua (albisteen harrera, inprimatze eta hedapena) bizkortu zuen, eta kazetaritzaren merkatua posta zerbitzua zuten hiri guztietara hedatu zen. Horrekin batera gaurkotasunaren kontzeptua garatu zen, irakurleak bere inguruan gertatzen zenaren kontzientzia handiagoa hartzen baitzuen. XVII. mendean frantses prentsa izan zen nagusi, eta XVIII. mendean ingeles estiloko iritzi kazetaritza eta prentsa politikoa nabarmendu ziren. 1702an, Daily Courrent izenburuko lehen egunkari ezaguna plazaratu zen Ingalaterran, baina benetako egunerokotasuna XIX. mendeko lehen urteetan iritsi zen. Aldi berean, astekariak eta bestelako aldizkariak espezializatuz joan ziren. Irratia (1924) eta telelebista (1938) agertzean, kazetaritzaren betiko euskarri idatzia aldatu zen eta albisteak askoz lasterrago hasi ziren zabaltzen. Ondorioz, bi norabideko kazetaritza moldeak gauzatu dira: berehalakotasun handiz albisteak eman ditzaketen irratia eta telebista alde batetik, eta gertakariez informazio zabalagoa eta haiei buruzko hausnarketa eta iritziak ematen dituen prentsa idatzia bestetik.  v  Euskarazko lehen kazeta A. Chaok egin zuen astekari bat izan zen, 1848an bi aletan argitara eman izan zena.