Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Katalunia

(Katalanez, Catalunya). Europako hego-mendebaleko nazioa, Iberiar Penintsularen ipar-ekialdean, Mediterraneo itsasoaren ertzean. Espainiako estatuko autonomia lurraldea da gaur egun eta lau lurralde hartzen ditu: Bartzelona, Gerona edo Girona, Lerida edo Lleida eta Tarragona (Principat de Catalunya edo Kataluniako Printzerria du historia-izena). Mugak: iparraldean, Pirinio mendien bestaldera, Frantziako estatuko Ekialdeko Pirinioak (Rosselló, Sardanya, Capsir, Conflent eta Vallespir); Ipar Katalunia osatzen duten lurralde guzti horiek Katalunia dira berez, historia, etnia eta hizkuntzaren aldetik, Andorrarekin batera) eta Ariège departamenduak, eta Andorra; ekialdean, Aragoi, Espainiako estatuko autonomi lurraldea; hegoaldean, Valentziako Herria (Castellon), eta ekialdean, Mediterraneo itsasoa. 31.930 km2 eta 5.997.008 biztanle (kataluniarrak). Hiriburua: Bartzelona. Hiri nagusiak: Girona, Lleida, Tarragona, Badalona, Sabadell, Badalona, Terrassa, Mataró, Granollers, L’Hospitalet, Tortosa, Vic, Figueres.  v  Katalunia bera Kataluniako Herrietako lurralde bat baizik ez da. ik. Kataluniako Herriak.  v  Hizkuntza. Katalana da Kataluniako berezko hizkuntza, ofiziala espainierarekin batean. Kataluniako biztanleen % 75 mintzo da katalanez. Ipar-mendebaleko Aran haranean, aranera, hizkuntza okzitaniarra, da ofiziala, beste bi hizkuntzekin batera. ik. katalan.  v  Orografia eta klima. Erliebe guztiz desberdinak bereizten dira Katalunian. Iparraldea menditsua da (ekialdeko Pirinioak); 3.000 m-tik gorako gainak altxatzen dira ipar-mendebalean eta mendien garaiera apalduz doa Mediterraneo itsasora hurbiltzen diren heinean. Segre, Noguera Pallaresa, Noguera Ribagorzana, Llobregat, Cardoner, Ter eta Fluviá ibaiak sortzen dira Kataluniako Pirinioetan. Ekialdean Kataluniako Kostaldeko mendiak altxatzen dira, Mediterraneo itsasoaren paraleloan. Mendiak ez dira garaiak (Montnegre, 759 m) eta kostaldea guztiz pikatua da ipar-ekialdean (Costa Brava); Besós eta Francolí ibaiak sortzen dira mendi horietan. Barnerago Kataluniako erdialdeko mendiak altxatzen dira (Montseny, 1712 m). Kataluniako mendebaleko lurrak lauak dira Aragoiko mugan. Ebro ibaiak zeharkatzen du Kataluniako hegoaldea Tarragonako herrialdetik eta delta ikusgarri bat eratzen du bokalean, Ampostatik aurrera. Haran eta eskualde berezi asko egituratu dira Katalunian bertako erliebearen gorabeheren arabera (historian zehar, eskualdeen arabera egituratu da Kataluniako administrazioa eta ez herrialdeen arabera aginte espainiarrak ezarri bezala): Empordá, Maresme eta Tarragonako Lurra itsasertzean; Selva, Penedés eta Vallés, kostaldeko mendietan; Urgel, Segarra, Vich, Bages eta Gironés, erdialdean, eta Aran, Pallars, Serdanya, Alt Urgel, Ripoll, Berga eta Olot Pirinioetan edo Pirinio ondoko lurretan. Kataluniako klima Mediterraneokoa da kostaldean eta kontinentala barnealdean. Ipar-ekialdea da alde euritsuena (1.000 mm) eta barne-hegoaldea idorrena (Lleida, 350 mm).  v  Ekonomia. Katalunia lurralde aberatsa da oro har. Nekazaritza garrantzitsua da (laboreak, mahastiak, olibondoak, lekadunak, bazkarako landareak eta fruituak. Behi azienda iparraldean). Kataluniako meatzeek ez dute aparteko garrantzirik (potasio gatza, Cardona, Suria; lignitoa). Industria oso garrantzitsua da Bartzelonan eta inguruko lurraldeetan (ehungintza, metalgintza, kimika industria). Bestalde, Bartzelona kultura eta zerbitzu hiri guztiz garrantzitsua da eta, portuarekin batean, itsaso Mediterraneoaren ertzeko hiri nagusienetakoa da.  v  Historia. Herri iberiarrak bizi ziren Katalunian K.a. IV. mendetik aurrera grekoek eta kartagotarrek bertako kostaldean lehenengo koloniak finkatu zituztenean. K.a. II. mendean zabaldu ziren erromatarrak eta hiri guztiz oparoa sortu zuten hegoaldean, Ebro ibaiaren bokale aldera (Tarraco). V. mendean bisigodoak jabetu ziren lurralde haiez eta herri musulmanek konkistatu zuten 712an. VIII. mendearen bukaeran muga lurralde bat osatu zuen Karlomagnok Katalunian, baina hurrengo mendean burujabetasuna lortu zuten bertako kondeek. Vifredo El Vellós («Iletsua») nabarmendu zen independentziaren aldeko guduetan eta Vich, Ripoll eta Montserrat eskuratu zituen. Vifredoren ondotik sortu zen Kataluniako edo Bartzelonako kondeen dinastia. 1137an Ramon Berenger IV.a Petronila Aragoikoarekin ezkondu zenean Aragoiko eta Kataluniako erresumak bat egin zuten. XIV. mendean, Jakue I.a eta Petri III.a errege kataluniarrek Mediterraneoko konkistari ekin zioten. 1410ean, ordea, Martin I.a hil eta Gaztelako dinastia bat jabetu zen Aragoiko eta Kataluniako koroaz (Caspeko hitzarmena, 1412). Errege-erregina Katolikoekin familia bakar batera bildu ziren Gaztela eta Aragoiko koroak (1479) eta guztiz areagotu ziren hurrengo urteetan kataluniarren kexuak batasun horren aurka. 1640. urtean Espainiako armadaren aurka matxinatu zen Kataluniako herria, Filipe IV.ak eta Olivaresko konde-dukeak bultzatu nahi zuten zentralismoa zela-eta. Guerra dels segadors edo Kataluniako independentziaren aldeko gerra honetan guztiz xehakatu zituen Espainiako armadak kataluniar abertzaleak, baina horretarako baliotsua izan zen Frantziako koroaren laguntza. Izan ere, gerra horren ondorioz, beretzat hartu zituen Frantziako koroak Rosselló eta Sardanya Kataluniako lurraldeak, egungo Ipar Katalunia (Pirinioetako Bakea, 1659). Espainiako erregetzarako gerran kataluniarrak Karlos VI.aren alde jarri ziren, borboitarren aurka, eta borroka, setio eta gudu latz askoren ondoren, Filipe V.ak Nueva Planta izeneko dekretua luzatu eta biderik gabe utzi zituen Kataluniako foruak (1714). Borboitarren zapalkuntzak eta kataluniarren aurkako politikak ez zuen luzaroan etenik izan. Hala ere Katalunia guztiz nabarmendu zen XVIII. mendean Espainiako estatuko ekonomia lurralde nagusi gisa. XIX. mendean guztiz sendotu zen katalan zaletasuna edo abertzaletasuna (Renaixença, «Errenazimentua»). Lehen karlistaldia bukatu ondoren sortu zen langile higikundea Katalunian eta 1868tik aurrera (Espainiako Lehen Errepublika) protagonismo handiagoa izan zuten Madrilen kataluniar politikariek. XIX. mendearen bukaeran guztiz sendoa zen langile higikundea Katalunian eta berealdiko garrantzia hartu zuen bertan higikunde anarkistak. 1901. urtean egituratu zen Lliga regionalista izeneko alderdia eta 1906tik aurrera Solidaritat Catalana izeneko higikunde zabala osatu zen. Abertzaletasuna langile mugimendutik kanpora sortu zen eta gorabehera handiak izan ziren sortzetik katalan abertzaleen artean, ideologia sozial desberdinak zirela eta. 1923an Primo de Riveraren diktadurak gogor jo zuen katalan abertzaleen eta langileen erakundeen aurka, eta 1930ean sortu zen Kataluniako lehen alderdi ezker abertzalea, Esquerra republicana de Catalunya, Francesc Macià eta Lluís Companys buru. 1931ko udal hauteskundeak irabazi zituen Esquerra alderdiak eta Kataluniako errepublika onartu zuen ondoren Francesc Maciàk. Espainiako alderdien presiopean (Lligako eskuindarren laguntza izan zuten egiteko horretan), errepublika hura autonomia bidean ezarri behar izan zuten kataluniar abertzaleek eta autonomia estatutu baterako proiektua aurkeztu zuten 1931ko urtean berean. Urtebete egon zen proiektua Madrilgo parlamentuan eta 1932ko irailean onartu zen Kataluniako autonomia estatutua, hasierako proiektua guztiz murriztu ondoren. 1933an Esquerra alderdiak irabazi zituen hauteskundeak Katalunian eta eskuinak Espainian. Aurrerantzean guztiz murriztu ziren Kataluniako autonomia ahalmenak eta 1934ko urrian ezkerraren iraultza saioaren alde agertu zen Kataluniako Generalitat edo gobernua. Eskuinaren zapalkuntza bortitza izan zen, baina ezkerreko indarren fronteak irabazi zuen 1936ko hauteskundeetan. 1936ko Gerra Zibilean Kataluniak gogor egin zien kontra frankistei, baina 1936ko otsailean haien mende geratu zen nazioa. Ondorengo errepresioa latza izan zen eta inolako askatasunik gabe geratu zen Katalunia. Bestalde, ekonomia lurralde nagusi gisa jarraitu zuen Kataluniak eta 1950-1965 bitarteko urteetan izugarri hazi zen bertako biztanleria. Urte haietatik aurrera biziki indartu zen langile higikundea berriro ere Katalunian, erakunde komunistak eta sozialistak buru zirela oraingo honetan, eta asko areagotu zen 1970. urtetik aurrera Francoren aurkako higikundea. 1977tik aurrera bizkortu zen Kataluniako autonomia estatutuaren aldeko lehia eta 1977an onartu zen % 88,1 aldeko botoez.