Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Katalina Medici

Frantziako erregina, Frantziako Henrike II.aren emaztea (Florentzia, 1519 - Blois, 1589). Bere seme zaharrena, Frantzisko II.a, erregetzara igo zenean, erregeorde gisa gobernatu zuen Frantzian. Erregea bera bezain ahaltsu ziren bi alderdi aurkitu zituen: Guisetarrak, katolikoak alde batetik, eta higanotak bestetik, Henrike Nafarroakoa (Henrike IV.a) buru zutela. Biak aurrez aurre jarri eta ahultzeko asmoz, higanotekin batu zen Guisetarren kontra. Amboiseko hitzarmenarekin erlijio gerrak eten ziren, baina protestanteak hartzen ari ziren indarraz kezkaturik, Espainiarekin eta Guisetarrekin elkartu zen haien kontra. Bere bigarren semea, Karlos IX.a, orduko errege izendatua, katolikoen buru izan zedin konbentzitu zuen, eta San Bartolome gaueko hilketen eragile nagusietakoa izan zen. Karlos IX.aren erreinaldian, eta areago bere hirugarren seme Henrike II.arenean, bera izan zen Frantziako gobernaria, erregeorde gisa.