Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Katalina Ia

Nafarroako erregina 1483-1517 bitarteko urteetan (1469 - Mont-de-Marsan, 1517). Foix, Bigorra, Ribagorza eta Biarnoko kondesa ere izan zen. Gaston Foixkoa Vianako printzearen eta Maddalena Frantziakoaren alaba zen eta François Foebous, bere anaia, hil ondoren egin zuten erregina. Ama izan zuen erreginorde adin txikian; haren aginduz berretsi zuten Nafarroako erregina gisa eta Biarnoko, Bigorrako eta Foixko andre nagusitzat, haien aldeko gutizia bizian ari baitziren ordu hartan Gaztelako eta Frantziako koroak. Ezkontideak aurkeztu zizkioten Katalina I.ari bi erreinu horien aldetik eta hamasei urterekin ezkondu zen Joan Albretekoa Frantziako erregeak proposaturiko horietako batekin (1486), Gaztelako erreinuaren alde zegoen Luis Beaumontekoa Leringo kondearen kontrako jokaera ezin eramanik. 1494an onartu zuten Leringo kondea buru zuten beaumontarrek Katalina erreginaren ezkontza hura, baina urte horretan bertan Gaztelako eta Aragoiko Errege-erregina Katolikoek Leringo kondearekin izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, Andaluziako lurralde batzuk hartu zituen Leringo kondeak Nafarroan zituen jabetzen ordez, eta erreinutik kanporatu eta jabetza horiek guztiak bahituran hartzeko agindua luzatu zuen Nafarroako erreginak. 1498an juduak kanporatu zituen Nafarroatik Katalina I.ak, sei urte aurrerago Errege-erregina Katolikoek beren lurraldeetan egin bezala. 1500. urtean eman zitzaion barkamena Leringo kondeari, baina Nafarroako erreinuaren kontrako jardunean jarraitu zuen honek, Errege-erregina Katolikoen zerbitzuan. 1509an, Katalina I.ak Nafarroatik kanpo zituen jabetza guztiak hartu zituen beretzat Bordeleko Parlamentuak eta, azkenean, Nafarroan sartu ziren Albako dukearen osteak, Leringo kondeak lagundurik, euskal erreinua osorik beretzeko xedean. Nafarroa Beherera, lehenik, eta Biarnora, ondoren, jo zuen Katalina I.ak bere ingurukoekin eta 1517ko otsailean hil zen Mont-de-Marsango hirian. Hamalau seme-alaba izan zituen eta sei zeuden bizirik bera hil zenean. Katalina I.a Nafarroa Garaiak burujabe izanik izan zuen azken erregina izan zen. Henrike II.a semea izan zen Katalina I.aren ondorengoa.