Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Junkera, Kepa

Bizkaitar musikaria (Bilbo, 1965). 1986ko Trikitilari txapelketan Mutriku bikotekidearekin batera bigarren geratu zen, eta orduan erakutsi zuen musikaren alor hori berritzeko prest zegoela. Lehenago ere, Oskorri taldeak erreparatu zion tirikitilari gaztearen trebeziari, eta 1983. urtean hasi zen gaur arte iraun duen Oskorriren eta Junkeraren arteko elkarlana. Bere lehenengo konposizio originalak 1988an kaleratu ziren Kepa, Zabaleta eta Mutriku diskoarekin. Bakarkako aurreneko diskoa ere, Infernuko Hauspoa, 1988an jarri zuen kalean. 1990ean Triki Up eta 1991n Trikitixa Zoom lanak kaleratu zituen, trikitixaren eta jazzaren arteko bateratzearen emaitzak biak. Bere jazz taldearekin batera, Espainiako folk lehiaketako lehen saria lortu zuen. 1992an Europan zehar egin zuen biraren emaitza izan zen bere Trans-Europe Diatonique lana. Bira hartan, nazioartean sona handia zuten soinu-jotzaileak ezagutu zituen. Hurrengo lana 1994ko Kalejira al-buk izenekoa izan zen; hainbat lagun bildu zituen disko hartan (Mikel Laboa, Joseba Tapia, Mikel Markez, Natxo de Felipe, Ibon Koteron) folk-rockaren bere esperientziarik gertukoena grabatzeko. Julio Pereira Portugalgo folkaren maisuarekin batera kaleratu zuen 1995ean Lau Eskutara lana. 1996an alboka soinuak berreskuratu zituen Leonen Orroak izeneko lanarekin. Musgaña taldea eta Pedro Guerra musikariarekin lan egin du, eta kantu asko egin ditu: irrati eta telebistarako sintoniak, Korrika eta Ibilaldirakoak eta Bilboko Aste nagusiko kantua, besteak beste. 1999an kaleratu zuen Bilbao OO:Ooh disko bikoitza. Oskorri, Benito Lertxundi, Tomas San Miguel, Carlos Nuñez, Dulce Pontes, Xose Manuel Budiño, Pedro Guerra, Luis Delgado, Liam O´Flynn, Alisdair Fraser, Phil Cunningham, Justin Vali eta La Bottine Souriante izan ziren, besteak beste, lan hartan lagun izan zituenak. Lan horrekin Urrezko Diskoa lortu zuen, erruz saldu baitzen Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo. Azken aldian, trikitia musika klasikoarekin lotzeko ahalegina egin du, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.