Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jouve, Pierre Jean

Frantses poeta, eleberrigilea eta kritikaria (Arras, 1887 - Paris, 1976). Lehen olerkietan sinbolismoaren eragina nabari du: Présences (1912, Presentziak), Parler (1913, Mintzoa). Bakearen aldeko obrak idatzi zituen Lehen Mundu Gerraren garaian:Vous êtes des hommes (1915, Gizonak zarete); Dance des morts (1917, Hildakoen dantza). 1924an katoliko egin zen eta aldi berean psikoanalisiaren munduan barneratu zen. Garai hartan agertu ziren bete-betean bizitza guztian kezkatuen eduki zuten gaiak: hobena, sexua eta heriotza. Izpiritualtasuna eta sexualitatea ageri dira nahasian bere obra askotan: Les Mystérieuses Noces (1925, Eztei misteriotsuak), Nouvelles Noces (1926, Eztei berriak), Sueur de sang (1935, Odol izerdia), Paulina 1880 (1925).  v  Jouve Geneban egon zen Bigarren Mundu Gerraren garaiko urteetan eta han idatzi zuen La Vierge de Paris obra (1944, Parisko Birjina) eta poema bilduma berriak eskaini zituen ondoren: Ode (1950, Oda), Langue (1952, Mintzaira), Lyrique (1956, Lirika) eta Moires (1962, Oihal distirak). Jouvek XIX. mendeko idazleei buruzko kritika saioak idatzi zituen; interes berezia izan zuen musikaren kritikaren aurrean: Le Don Juan de Mozart (1942).