Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joule

Britainiar fisikaria (Salford, 1818 - Sale, Cheshire, 1889). Kimika ikasketak egin zituen, baina gehiena bere kasa ikasi zuen. Garagardo lantegi bateko zuzendari zela Salford-en, bertan behera utzi zuen kargua libre zuen denbora guztia zientziari eskaintzeko. Bere izena duten legeak eman zituen aditzera; alegia, korronte elektriko bat eroale batetik igarotzean, jaulkitzen den beroa kalkulatzeko balio duten legeak (1841). Saio baten bidez, kaloriaren baliokide mekanikoa aurkitu zuen (1842); energia mekanikoaren kontserbazio hatsapena azaldu zuen; Mariotteren legea interpretatu zuen gasen teoria zinetikoaren bidez (1851), eta gas molekulen batez besteko lastertasuna kalkulatu zuen. W. Thomsonekin batera 1852an egindako ikerketen bitartez frogatu zuen gas ideala tenperatura aldaketarik gabe gertatzen dela hedatze adiabatikoa espazio hutsean, baina gas errealen kasuan hedatze adiabatiko horrek tenperatura jaitsarazten duela ere frogatu zuten.  v  Joule efektua. Eroaleetan, korronte elektrikoa igarotzen denean sortzen den beroa. Eremu elektrikoak hartara eraginik eroale batean higitzen diren elektroi askeek, atomoen kontra jotzean, energia zinetikoa galtzen dute, eta energia hori bero bihurtzen da.  v  Joule-ren legea. Elektr. Eroale batetik korronte elektrikoa igarotzen denean, beroa askatzen da eta bero kopuru hori honela adierazten da:
Q = k I2Rt         
bertan Q beroa, t denbora, I korrontearen intentsitatea, R eroalearen erresistentzia, eta k erabiltzen den dimentsio sistemaren araberako konstantea direlarik; adibidez, MKS sistema hartzen bada, k-ren balioa 0,24 da. Kaloriaren baliokidetzat J (joule) hartuz, berriz, honela adierazten da:
Q = 1/J . RI2t    
 v  Joule-ren legea. Fis. Honela adierazten da: gas ideal baten barne energia tenperaturaren araberakoa da. Gas idealen barnean molekulen artean erakarmen edo aldentze indarrik izaten ez delako gertatzen da hori. Hala, molekulak bereizteko ez da indarraren beharrik eta, beraz, tenperatura aldagabean gasa zabaltzen edo estutzen denean, barne energia ez da aldatzen.