Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jobs, Steven

Estatubatuar enpresaburua (1955). 1974an Atari, Inc. enpresan lan egin zuen bideojokoen diseinatzaile gisa. Ordenagailu-zaletuen talde batean Wozniakekin topo egin ondoren, jende arruntak bere eguneroko zereginetan erabili ahal izateko moduko ordenagailu bat diseinatzen hasi ziren. Lehen eredua etxeko garajean egin zuten eta haren arrakastak bultzatuta, Apple enpresa sortu zuten. 1976an Apple I merkaturatu zuten, plaka bakarreko lehen ordenagailua, bideo interfazeduna eta kanpoko iturri batetik programak hartzeko ahalmena ematen zion memoriarekin (ROM). Hurrengo urtean Apple II kaleratu zuten, erabiltzaileentzat oro har. Jobsek Apple II-rentzat aplikazioak egitera bultzatu zituen programatzaile independenteak eta horren ondorioz, milaka software titulu bildu zituzten lanerako eta jolaserako. Apple II-ak izugarrizko aurrerapena suposatu zuen, ordenagailu pertsonalen estandarra finkatu baitzuen. Baina 1980an Apple III atera zenean, lehiakide gogorra aurkitu zuen aurrean: Microsoft-en sistema eragilea eta softwarea zerabilzkien IBMren Pc-a. Hala ere, 1984an Macintosh ordenagailuarekin etxeko ordenagailuen industria astindu zuten: sagua, erraz ezagutzen ziren ikonoak eta erabiltzeko erraztasuna ziren eredu haren ezaugarri nagusiak. Jobsek, era berean, laserrezko inprimagailua ezarri zion Apple ordenagailuari, etxeko argitalpenen aroa abiaraziz. Hala ere, Apple-ak IBM ordenagailuekin bateraezin izaten jarraitzeko erabakiak kalte egin zion konpainiari. Hortaz, garrantzi berezia izan zuen 1997an Microsoft-ek eta Apple-k izenpetu zuten elkarlanerako hitzarmenak. Horren ondoren 1986an George Lucas zinema zuzendariari erosi zion Pixar Animation Studios-era itzuli zen Jobs lanera. Estudio horretan egin zen 1995ean Toy Story, erabat ordenagailu bidez egindako animaziozko lehen film arrakastatsua.