Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joana Arc-ekoa, santua

(Fr. Jeanne d’Arc). Frantziako heroi nazionala (Domrémy, 1412 aldera - Reims, 1431). Laborari etxe batean jaio zen eta, Jainkoaren mezulari gisa, garaipenera eraman zuen Frantziako armada ingeles osteen aurka Ehun Urteko Gerran. Tradizioaren arabera, San Migel, Santa Katalina eta Santa Margaritaren ahotsei jarraitu eta, frantses osteen gidari, ingeles armada menderatu zuen Orléanseko hirian (1429) eta, ondoren, errege koroatu zuen Karlos VII.a Reimsko hirian. 1430. urtean hartu zuten preso ingelesek eta bizirik erre zuten hurrengo urtean, heretikoa zela salaturik. XV. mendean berean onartu zuen eliza katolikoak Joana Arc-ekoaren zuzentasuna eta santu egin zuen Benedikto XV.a Aita Santuak 1920an (jaieguna, maiatzaren bigarren igandean). Joana Arc-ekoaren historia izaera zalantzarik gabekoa den arren, eztabaida ugari piztu dute haren ibilaldiek. Frantses izatearen sinbolo nagusienetako bat da gaur egun Joana Arc-ekoa.