Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jesus

(Hebreeraz, Yehouua). Kristau erlijioaren sortzailea; Jainkoaren semetzat dute kristauek eta jainko gisa gurtzen dute, Jainko bakartzat daukatelarik. Kristo edo Jesu Kristo (Gr. Kristos; Eusk. «oliotan igurtzia, aukeratua») deitzen zaio kristauen artean, baita Mesia ere (Hebreeraz, Mashia; Eusk. «oliotan igurtzia, Jainkoak sakratua»). Biblian (Itun Zaharrean) eta, batez ere, Itun Berrian jasoak dira Jesusen jaiotzari, eginei eta mezuari buruzko datuak, lau Ebanjelioen bitartez bereziki. Ebanjelioen arabera, mirarizko gertaerek inguratzen dute Jesusen jaiotza. Josef Nazareteko zurgin baten semea bazen ere, kristauen arabera, Jesusen ama Maria mirari batez geratu zen haurdun eta, beraz, ez zen haragizko loturarik izan Jesusen jaiotzaren sorreran. Tradizioari jarraiki, Judeako Belen hirian sortu zen, Nazareten eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa (hogeita hamar urte bete arte) eta Josefi lagundu zion gaztetan bere zurgin lanbidean. Oso xehetasun gutxi eskaintzen dute Ebanjelioek Jesusen urte hauei guztiei buruz. Haurtzaroan eta gaztaroan, Herodesen hiru semeen manupean egon zen Palestina eta oso gobernu bortitza ezarri zuten Erromako Inperioko gobernariek. Joan Bataiatzaileak, bere lehengusu batek hain zuzen, bataiatu zuen Jesus. Hogeita hamar urte bete zituenetik, Jesus Galilea eta inguruko herrialdeetako herri eta hirietan zehar ibiltzen hasi zen, bere hamabi apostolu edo jarraitzaileekin batera, eta erlijioaren erreforma eta Jainkoaganako maitasuna predikatu zituen bazter guztietan. Harrera guztiz ona egin zion herri xeheak, eriak sendatzeko zuen gaitasun bereziagatik, parabolen bidezko erakuskizun argiengatik eta pertsona guztiei luzatu zien maitasunezko salbazio mezuagatik. Mirari asko egin zituen Jesusek, tradizioaren arabera. Jesusen dotrina oso urrun zegoen oso fariseu edo maisu juduen prediku eta eginetatik eta herri pobrearen egoeraren aurrean goi mailako jendearen axolakaberiatik. Gero eta eragin handiagoa zuen Jesusek jendearengan eta egonezina hasi zen nagusitzen agintari juduen eta erromatarren artean. Batzuen aburuz, herri juduak luzaroan itxaron zuen Mesia iritsia zen eta agintarien ustez, ordea, iraultzarako asmo ilunak ezkutatzen ziren Jesusen eginetan. Galilean misiolari egon ondoren, Jerusalema jo zuen Jesusek bere jarraitzaileekin batera Bazkoa ospatzera. Tenpluaren barnean egon zen irakasle, handik kanpora egotzi zituen diru-aldatzaileak eta apaizen haserre bizia jaso zuen ondorioz. Apostoluekin egin zuen Azken Afariaren ondoren bere jarraitzaileetako batek, Juda Iskariotek, saldu zuen eta preso hartu zuten soldadu erromatarrek. Goi apaiz juduaren eta Sanedrinaren (juduen batzarra) aurrean egon ondoren, heriotza zigorra ezarri zioten Jesusi Jainkoaren aurkako biraoak jaulkitzeagatik. Pontzio Pilatos gobernari erromatarrarengana eraman zuten hurrena eta hark Herodes Antipas buruzagi juduarengana eramateko agindua eman zuen. Itzuli zuten berriro ere Pilatosen aurrera, eta gurutzean hil zezatela agindu zuen azkenean gobernariak. Erromako legearen modura, gurutzean hil zuten Golgota mendian eta Josef Arimateakoaren hilobian ehortzi. Tradizio kristauaren arabera, Jesus handik hiru egunetara piztu zen eta pizte hori bihurtu zen Jesusen erakutsien ardatzetako bat. Jesus edo Jesu Kristo Palestinan, Erroman Augusto eta Tiberio enperadore ziren garaian, sortu eta bizi izan zen gizon baten izena baino zerbait gehiago da, Jainkotzat gurtu izan baitute kristauek ia hogei mendeetan zehar. Zaila da bereiztea historiako Jesus eta gurtzen dena, lehen kristauenak baitira hari buruzko berri gehienak. Hori dela eta, haren biografia komunitate kristauaren sinesteek jasotakoaren arabera taxutu da gehienetan.  v  Kronologia. Jesusen edo Jesu Kristoren jaioteguna gaur egungo kronologia modu nagusiaren abiapuntua da, eta, beraz, historiako datak K.a. (Kristo aurreko) eta K.o. (Kristo ondoko) kronologiaren arabera neurtzen dira kristau munduan eta, oro har, mendebaleko mundu osoan. Nolanahi ere, garbi dago, Ebanjelioek emaniko datu apurren arabera, Jesusen jaiotza data K.a. 4. urtea baino lehentxeagokoa zela (hala behar du, Herodes hil baino lehenago sortu bazen), eta, 30. urteko (K.o. 30. urteko Nisanaren 14an juduen arabera) apirilaren 7an, ostiral eta juduen Bazko egunez, hil zela segurta daiteke.  v  Jesus batean. Adlag. Bizkor. || Jesusean. Adlag. Bizkor.