Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jersey

Ingalaterrako hegoaldeko uhartea, Anglonormandiar uharteetako handiena eta hegoaldeen dagoena, Mantxako ubidean. 115 km2 eta 76.100 biztanle (normandiar jatorrikoak gehienak) Hiriburua: Saint-Hélier. Hizkuntza: ingeles zaharra, Normandiako frantsesa. Lauki luzearen itxura du uharteak; iparraldean garaiak dira itsasertz arkaitsuak eta hegoaldea berriz apalagoa da. Arrantza eta nekazaritza (tomatea, patata, fruituak, etab.) lantzen dira eta granitoa ustiatzen da. Nekazaritzak eta loregintzak Britainia Handian dute merkatu nagusia. Ezaguna da hango behi arraza, izen berekoa. Ingeles kolonia izanik ere, bertako eta berezko dituzten lege eta ohiturek arautzen dute uhartea; estatuen biltzarra da erakunde legegilea baina teniente gobernari ingelesek hautatzen dutena da administrazio burua. Alemaniarren mende egon zen 1945an ingelesak iritsi ziren arte.  v  Jersey arraza. Jersey uhartean esne bikaina eman dezan hazitako behi mota, jatorriz Ingalaterrakoa dena. Behi horiek oso arinak dira, asko jaten dute eta 15-20 bat litro esne ematen dute egunean. Ganadu mota hori erraz egokitzen da klima desberdinetan eta toki askotara hedatu da horri esker; Hego Ameriketara, Frantziara, Australiara, Estatu Batuetara.