Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jawlensky, Alexei

Errusiar margolaria (Suslovo, 1864 - Wiesbaden, 1941). Erretratu espresionistak landu zituen hasieran eta molde abstraktuak azken urteetan. Moskun eta San Petersburgon egin zituen ikasketak. Joera errealistetatik aldendu ondoren, Munichera joan zen 1896. urtean eta Wassily Kandinskyrekin hasi zen lanean. Eragin handia jaso zuen Kandinskyrengandik. 1905ean Parisera joan eta Henri Matisse pintorearekin jardun zuen lanean, fauve moldeen inguruan. Berriro Munichera itzulirik, Neue Künstlervereinigung (1909, NVK, Artisten Elkarte Berria) giro espresionistako taldea sortu zuen eta harremanak izan zituen Der Blaue Reiter (Zaldun urdina) taldeko pintoreekin. Madame Turandot kolore biziz eginiko fauve estiloko lana da garai honetako lanik aipagarriena (1912). Lehen Mundu Gerraren garaian, estetika molde berri bati ekin zion eta joera abstraktua hasi zen nabarmentzen bere lanetan 1917tik aurrera. Erlijio sineste sakoneko gizona zen, eta ikono ortodoxoekin aldera zitezkeen obra mistikoak ere egin zituen (Gauean barrena begira, 1923). 1924an, berriro elkartu zen Kandinsky-rekin eta, Paul Klee eta Lyonel Feininger-ekin batera, Der Blau Vier (Lauko urdina) taldea eratu zuen. Pintura utzi behar izan zuen 1929an, eritasun batek eraginda.