Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Khasbulatov, Ruslan Imranovitx

Errusiar politikari eta ekonomialaria (Grozni, 1942). 1970ean Ekonomia zientzietako doktore titulua atera zuen. Irakaskuntzan aritu zen urte askoz. 1990eko martxoan Diputatuen Kongresurako diputatu aukeratua izan zen eta urte bereko ekainean, Sobiet Gorenaren lehendakariorde. 1991ko abuztuan ganberaren behin-behineko presidente eta hautagai erreformista hautatu zuten diputatuek. 1991ko estatu kolpe saioaren ondoren Alderdi Komunista uztea erabaki zuen. 1991ko urrian Diputatuen Kongresuak Errusiar Federakundeko Sobiet Gorenaren lehendakari aukeratu zuen. Behin eta berriz leporatu izan zaio Jasbulatovi diru publikoak xahutzea eta despota jarrerak izatea. Berak gogor kritikatu ditu Egor Gaidar liberalak abiarazitako erreforma ekonomikoak, Estatuaren monopolioak desegin baino lehen prezioak liberalizatu izana, batik bat, bere esanetan horren ondorioz jaitsi baita errusiarren bizi maila modu jasanezinean. 1993ko urriko istiluak zirela eta, Parlamentuaren lehendakari kargutik kendu eta espetxeratua izan zen; istiluen eragileetako bat izana leporatu zitzaion. 1994an amnistiarekin espetxetik atera eta berehala, politika utziko zuela jakinarazi zuen. Ekonomiari buruzko hogei bat liburu idatzi ditu, batzuk atzerrian ere argitaratu direnak, Austrian, Italian eta Indian esate baterako, eta baita artikuluak eta bestelako argitalpen zientifikoak ere.