Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Janis, Sidney

Estatu Batuetako arte bildumagilea (Buffalo, New York 1896 - 1990). Familia aberatsean jaio zen. 1920an New York hirian kokatu zen eta bere garaiko artea ezagutzen eta abangoardia jaio berrien historiaz gogoeta egiten hasi zen. Fauvismoa, kubismoa, futurismoa, abstrakzioa eta surrealismoa aztertu zituen sormen artistikoaren bide posibleak sumatu nahirik. Aldi berean, bilduma bat egitea erabaki zuen, eta 1926an hasi zuen, Parisen Kahnweilerri erosi zizkion Henri Matisseren eta Juan Grisen margolan banarekin. Oso denbora laburrean arte modernoaren margolari garrantzitsuenen lan multzo bikaina bildu zuen (Picasso, Mondrian, Léger…) eta XX. mendeko estatubatuar arte bildumagileetan lehenetakoa izan zen. Itzal handia lortu zuen eta 1934-1948 bitartean New Yorkeko Arte Modernoaren Museoko batzorde aholku-emailearen kide izan zen. Bitarte horretan, Picassoren Gernika MOMAra eramateko txostena egin zuen eta amerikar artisten belaunaldi berriak babestu zituen. Bere emazte Harrietekin batera oso lan garrantzitsua idatzi zuen, Abstract and surrealist Art in America (Arte abstraktua eta surrealista Ameriketan), eta bera izan zen Pollocken, Rothkoren, Albersen, Hofmannen eta abarren inguruko gogoeten aitzindaria. 1948an arte galeria bat zabaldu zuen New Yorken, Ameriketako artearen nortasunaren alde egiteko. Bere erakusketetan historia eta berritasuna batu zituen: Les Fauves (1950), Henri Rousseau (1951), Dada (1953), eta Futurism (1954); Pollocken sei erakusketa 1952-1958 bitartean, eta De Kooning, Kline, Rothko, Guston, Gottlieb eta Baziotesen ingurukoak. Baina bere galeriaren historian New Realists erakusketa izan zen ziur asko garrantzitsuena, 1962an, Pop Art joerari eskainia. 1967an Sidneyk eta Harrietek beren bildumaren ehun bat lan New Yorkeko Arte Modernoaren Museoari eman zizkioten. 1970etik aurrera, seme-alaben esku utzi zuen galeria.