Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Janigro, Antonio

Italiar biolontxelo-jotzaile eta orkestra zuzendaria (Milan, 1918 - Milan, 1989). Diran Alexanianekin biolontxeloa ikasi ondoren Parisen, bakarkako kontzertuak ematen hasi zen. 1939an, Jugoslavian harrapatu zuen gerrak eta Zagreben gelditu zen. Bertako kontserbatorioko irakasle izan zen 1954 arte. 1948an orkestra zuzendaritzan hasi zen, eta geroago, Zagrebeko Bakarlariak taldea sortu zuen, 1954-1967 bitartean berak zuzendu zuen hamabi hariz eta klabezin batez osatutako taldea. Munduko hari-orkestrarik onenetakoa izan zen eta barrokoko errepertorioa berpiztu zuen. Aldi berean, Zagrebeko irratiko Orkestra Sinfonikoa sortu eta zuzendu zuen (1954-1964). 1965-1967 bitartean Milango l’Angelicum orkestraren zuzendari izan zen, 1968-1971, Sarreko irratiaren Ganbera Orkestrarena, eta 1971-1974 bitartean Salzburgoko Mozarteumeko Camerata Academicarena. Horrekin batera, bere biolontxelo-jotzaile karrera ere aurrera eraman zuen, Dinu Lipatti, Carlo Zecchi eta Jörg Demus lagun zituela. 1950eko hamarkadan hirukoa osatu zuen Paul Badura-Skoda piano-jotzailearekin eta Jean Fournier biolin-jotzailearekin. Irakaskuntzak ere garrantzi handia izan zuen bere zereginetan: 1965-1974 bitartean Düsseldorfeko Robert-Schumann Kontserbatorioan, 1971tik aurrera Salzburgoko Mozarteumen, eta 1975etik aurrera Sttutgarteko Musika Eskola Nagusian. Ganbera musika eta errepertorio barrokoa izan zituen Janigrok gogokoen.