Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jahve

edo Jehova. Itun Zaharrean Jainkoari ematen zitzaion izena.  v  Jehovaren lekukoak. Estatu Batuetan, Ch. Taze Russell-ek sortutako erlijio mugimendua (1874). Russell bera izan zen higikunde honen zuzendaria 1916. urtea arte eta Joseph F. Rutherford, Nathan H. Knorr eta Franz izan zituen ondorengoak. Zion’s watch tower society izena zuen hasieran eta Watch Tower Bible and tract society izena eman zioten taldearen zuzendaritza batzordeari. 1914an International students Bible society erakundea sortu zen, aurrekoarekin lotua dagoena. Biblia Jainkoaren hitza dela diote, eta Kristoren erreinuak 144.000 lagun izango dituela. Igarletzat dute beren burua eta munduan gertatuko diren aldaketa sakonak iragartzen saiatu dira 1914. urtetik. Idatzien eta liburuxken bidez zabaltzen dituzte taldearen ideiak. Ez dira joaten soldadutzara, ez dute banderarik gurtzen; ez dute apaizik, predikadoreak baizik. New Yorken dute egoitza nagusia eta han dihardute lehendakariak eta haren zazpi laguntzaileek. Gaur egun 2.250.000 lagun inguru dira Jehovaren lekukoak. The watch tower egunkaria eta Awake aldizkariak argitaratzen dituzte.