Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jahiz, Al

(Amr ibn Bahr al-Jahiz izen osoa). Islameko idazle eta teologoa, arabierazko prosaren maisu handienetakoa (Basora, Irak, 780 - Basora, 869). Familia apalean sortu zen baina, bere adimen handia zela eta, berehala onartu zuten intelektualen munduan. Al Ma’mün kalifaren alde jarri zen eta idazlanak argitaratzeko laguntza eman zion kalifak. Jahizen teologia eta politika lan gutxi gorde da. Erretorika lan bat (Kitab al-Bayan wa altabyin, Adierazpen dotorearen eta azalpen argien liburua), filosofia liburu bat (Kitab al-hayawan, Animalien liburua) eta zikoitzei buruzko ipuin bilduma bat (Kitab al-bukhala, Zikoitzen liburua) idatzi zituen. Bere lanetan zientzia datuak eta bitxikeriak nahasten zituen, baina hala ere kultura arabiar-islamiarraren oinarriak ezarri zituen, arabiar tradiziotik eta Grezia klasikoko pentsamendutik abiatuta.