Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izagirre Urreaga, Koldo

Gipuzkoar idazle eta zinemagilea (Altza, 1953). Hogeita bi urterekin hasi zen literatura jardunean, Ustela izeneko aldizkarian (Zorion Ustela, Mermelada Ustela, Panpin Ustela). 1976an eman zuen argitara lehen liburua: Zergatik bai, haur hizkuntzan idatzitako kontakizun laburren bilduma berezia. Handik urte betera poesia lan bat atera zuen, Itsaso ahantzia izenekoa, surrealismoaren bidetik. Ondoren prosa poetikoa landu zuen: Oinaze zaharrera (1977), Guardasola ahantzia eta Gauzetan (1979). Oh Euzkadi! aldizkariaren laguntzaile izan zen. 1984an eman zuen argitara lehen eleberria, Euzkadi merezi zuten, eta handik hiru urtera Mendekuak ipuin bilduma. Konpremezuzko literaturara hurbildu zen azken liburu horrekin eta ildo horretan jarraitu du Balizko erroten erresuma (1989) poema liburuarekin, batez ere. 1991n gazteentzat eginiko Metxa esaten dioten Agirretar baten ibili herrenak izeneko kontakizuna argitaratu du. Euskal esamolde jatorren bilketa lanean aritu zen zenbait urtez, eta Euskal Lokuzioak izenburupean argitaratu zituen (1981). Castelao, Manuel María, Uxío Novoneyra idazle galiziarren lanak itzuli ditu euskarara. Antxon Ezeizak zuzendu zuen Ke arteko egunak (1989) filmaren gidoia egin zuen, eta berriki (1992) Off-eko maitasuna filma zuzendu du. Azken urteotan Ez duk erraza, konpai (1995), Nik ere germinal, egin gura nuen aldarri (1998) eta Agirre zaharraren kartzelaldi berriak (1999) eleberriak argitaratu ditu.