Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ipar Euskal Herria

Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatzen duten euskal lurraldea, Frantziako Errepublikaren mendekoa. 2.962 km2-ko azalera eta 250.000 biztanle ditu. ■ Biztanleria. Ipar Euskal Herriko biztanleriaren ezaugarririk adierazgarriena biztanleriaren banaketa desorekatua da, lurraldearen beraren oreka handirik gabeko garapen orokorraren isla zuzena dena. Lapurdik hartzen ditu Ipar Euskal Herriko ia biztanle denak: 859 km2-rekin, 205.000 biztanle ditu, horietako gehienak BAB distritoan. Laburdi baino handiagoa da Nafarroa Beherea –1.318 km2, Gipuzkoaren antzekoa–, baina 29.000 biztanle baino ez ditu. Zuberoa Ipar Euskal Herriko lurralde txikiena da, 785 km2-ko eremuaz, baina bera da orobat biztanle gutxien dituena, 16.000 lagun. Estrukturaltzat jo daitezkeen arazoak gutxi arindu dira azken hamarkadan Ipar Euskal Herrian: kostaldeko eta barnealdeko lurraldeen garapen desorekatua, hainbat eskualderen kinka sozioekonomiko eta demografiko larria, Ipar Euskal Herriari dagozkion erabakiak bertan hartu ezin izana, euskararen gainbehera. ■ Euskararen egoera. Guztiz kezkatzekoa da azken urteotan euskarak izan duen bilakaera, babesik eta estatuturik gabe frantses estatuan. Ipar Euskal Herriak Hegoak baino euskaldunago izaten jarraitzen du, baina 1991n eta 1996an Euskal Herri osoan egindako Soziolinguistikako Ikerketak ageri-agerian utzi zuen moduan, aurrera egin beharrean atzera egin du euskarak Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian ez bezala. Nafarroa Beherean eta Zuberoan handiak dira oraindik euskaldunen kopuruak –% 64 eta % 55, hurrenez hurren–, baina laurdenera jaisten da kopuru hori Lapurdin. Hori ez da, ordea, daturik kezkagarriena, euskaldunen zahartzea eta euskararen transmisio gaitasun eskasa baizik. Hiztun eta erabiltzaile kopuruari dagokionez galerak irabaziak baino handiagoak izanik, euskara atzerabidean da Ipar Euskal Herrian, eta erabat ahuldu da hizkuntzaren transmisio gaitasuna. Hau da, gutxiago dira haur euskaldunak gurasoak baino. Egun Ipar Euskal Herriko euskaldunen % 69k 50 urte baino gehiago dute. Euskaldunen kopurua asko jaisten da 3-24 urteko pertsonen artean, % 17 baino ez baita euskalduna. Transmisio ahul horrek –senditartekoak, alegia– laguntzak beharrean oztopoak ditu familiatik kanpo. ■ Hizkuntza biziberritzeko ezinbestekoa den hezkuntza sistema Seaska ikastolen elkartean esku dago ia erabat. Seaskak (2000. urtean bere 30. urteurrena ospatu zuen) 2.000 ume eta gazteri ahalbidetzen die euskaraz ikastea hogei bat lehen mailako ikastetxetan, bigarren mailako hiru ikastetxetan –1999an ireki zen azkena, Donaixtin, barnealdeko ikasleen beharrak asetzeko– eta lizeo baten bidez. Seaskako ikastetxeek, beste eremu urriko hizkuntza batzuei loturiko elkarte-eskolen moduan, beste edozein kontratupeko ikastetxe pribatuk duen estatusa dute Frantziako Hezkuntza Nazionalaren aurrean; pribatu izaten jarraitzen dute, nahiz eta gasturen batzuk administrazioak hartu bere gain. Azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko ikastolak publiko izateko bidean jartzeko negoziazioetan dihardute Seaskak eta ministerioak, baina badirudi luze joko duela, urrun daude eta Seaskaren eta Hezkuntza Nazionalaren jarrerak. Auzitan zeuden puntu nagusiak hezkuntza eta kudeaketa ereduak ziren gehienbat, baita Seaskako ikastolek publiko bilakatuz gero izango zuketen autonomia. ■ Ekonomia. Kostaldeko eta barnealdeko eskualdeen arteko desoreka gero eta handiagoa da alor ekonomikoan Iparraldeko ezaugarri nagusia. Lapurdin turismoak jarraitzen du lehen diru iturria izaten, baina industria ere asko garatu da. Aeronautika, elektronika, telekomunikazioak, altzairugintza eta beste hainbat sektore garrantzitsuri lotutako enpresa handiak kokatu dira Lapurdin, eta Baionako portuak ere garrantzi handiko eragile ekonomikoa izaten jarraitzen du. Oro har, asko dibertsifikatu da ekonomia Lapurdin azken urteotan, eta Hego Euskal Herriko hainbat sektorerekin ere integrazio maila handi samarra lortu du. Zuberoan eta Nafarroa Beherean, aldiz, nekazaritzari eta abeltzaintzari eusten diote gehienbat, nahiz eta industria ere hasi den garatzen han-hemenka. Eskualde horien garapenerako garrantzi berezia izan dezake laborantzari lotutako industria berriak sortzeak –esaterako, gaztagintzaren ingurukoak–, baita kostaldetik barrualdera zabaldu den turismoak ere, nahiz eta hori jarduera osagarria izan oraindik. Zuberoan eta Nafarroa Beherean enpresa proiektu berriak sustatzeko, besteak beste, hiru gune sortu ziren duela urte batzuk: INDAR Donibane Garazin –gehienbat eskulangintzarekin, zerbitzuekin eta elikagai eta laborantzarekin lotutako jarduerak hartzen dituena–, ALDATU Maulen eta ODACE Donapaleun. Nolanahi ere, langabezia tasak handiagoak dira Ipar Euskal Herrian Frantziako gainerako eskualdeetan baino. 1998an % 15 ingurukoa zen langabezia tasa, Frantziaren batez bestekotik ia hiru puntu gainetik. Hogeita bost urtetik beherakoen artean, % 40ra heltzen zen langabezia. Hori dela eta, oraindik ere gazte askok Euskal Herria utzi behar dute bizimodua beste nonbait aurkitzeko, edota barnealdetik kostaldera abiatu, eta, hortaz, ezin izan da aldatu Ipar Euskal Herriko ohiko emigrazioa. ■ Politika. Maila demografikoan zein ekonomikoan edota euskara eta euskal kulturaren egoeran bizi den abagunearen isla zuzena da azken urteotan Ipar Euskal Herriko politikagintzaren ardatzetako bat izan den Departamenduaren eskaera. Behin eta berriro galdetu zaie Ipar Euskal Herriko biztanleei zein horiek hautatutako ordezkariei Departamenduaren inguruko iritzia, eta erantzuna bera izan da kasu guztietan: jarrera politikoen gainetik, Departamenduaren aldekoa da gehiengoa. Alderdi askotako hautetsiak biltzen dituen Euskal Departamenduaren aldeko Hautetsiek elkarteak zabaldutako txosten baten arabera, 1996an Ipar Euskal Herriko auzapezen % 66 Departamenduaren alde agertu zen. Udalez udal egindako galdeketak hori baino emaitza zabalagoa eskaintzen zuen oraindik: 2000ko urtarrilean, auziari buruzko botoa emana zuten 159 udaletatik 106k, eta horien % 81 Departamenduaren aldeko ziren. 1999 urteko irailean Sud Ouest egunkariarentzako egindako inkesta baten arabera, herritarren % 57 ere Departamenduaren alde zegoen. Euskal Herriarekin batera Pirinio Atlantikoak departamendua osatzen duen Biarnoko biztanleen ia erdia ere zatitzearen aldeko zen. Arrazoi politikoekin batera, beste argudio batzuk ere ematen dira Departamenduaren alde, sendoagoak agian. Besteak beste, Departamenduak garapen ekonomiko dinamikoagoa bultzatuko luke, baita enplegu sorrera ere; horretaz gain, ezinbestekotzat jotzen den oreka eta elkartasuna bideratuko luke barnealdearen eta kostaldearen artean, baita euskararen eta euskal kulturaren babes egokia eta Hego Euskal Herriarekiko lankidetza harreman aberasgarriagoak ere. Bide anitz hartu dira Departamenduaren aldeko eskaera egiteko: manifestazio jendetsuak, Demokrazia Euskal Herriarentzak erakundearen ekintza ikusgarriak, Frantziako Asanblea nazionalean Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik egin dituzten proposamenak, goi-mailako bilerak, adierazpen publikoak... baina horiek guztiek ez dute emaitzarik izan oraingoz. Aldiz, “pays” deituriko egituran oinarritutako eredua proposatu diote aginte publikoek Ipar Euskal Herriari, giza edo diru baliabiderik, aurrekonturik, ordezkaritza politikorik eta nortasun juridiko propiorik ez duen eredua, alegia. Azken hamarkadan sortu dira Ipar Euskal Herrian, aginte publikoen eraginpean, bertakoen nolabaiteko partaidetza ahalbidetzen duten erakundeak, nahiz eta ez izan erabakiak hartzeko orduan eskumenik, ezta baliabide propiorik ere: Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseilua. Ildo horretan, aipagarria da Euskal Herriko Garapen Kontseiluak egin duen lana, nahiz eta ez izan eskumen zuzenik kudeaketan. 1992an sortutako Garapen Kontseiluak hiru lurraldeetako eragile sozial eta politikoak elkarlanean jarri zituen. Lehenengo lana egoeraren diagnosia egitea izan zen eta egiteko hori amaitutakoan (1994), Lurraldeen Eskema prestatu zuten, alorkako egoera, helburuak eta eginkizunak finkatzen zituena. Horretan oinarritzen da 1997az geroztik landu zen Ipar Euskal Herrirako Hitzarmen Berezia. Ipar Euskal Herrirako Hitzarmen bereziak zazpi urteko iraupena du, eta 2000ko abenduaren 22an sinatu zuten horretan kide diren Frantziako Estatuak, Akintaniak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta, Ipar Euskal Herriak berezko instituziorik ez duenez, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak. Hitzarmen horren arabera, zazpi urteren buruan 2.600 milioi libera –66.000 milioi pezeta inguru– jasoko ditu aipatu administrazioetatik (erdia estatuak eta laurden bana Akitaniak eta Departamenduak), Eskemaren bederatzi atalak garatzeko: hizkuntza politika, kultura, ingurumena, nekazaritza, arrantza, industria eta lanbide heziketa, turismoa, azpiegiturak eta hirigintza eta mugaz gaindiko elkarlana. Euskararentzat eta euskal kulturarentzat aurreikusten zuen dirutza urria zela eta, Hitzarmen horren aurka agertu ziren euskalgintzaren inguruan dabiltzan hainbat elkarte eta erakunde. Izan ere, guztizko kopuruaren % 3 baino ez dute hartuko hizkuntza politikak eta kulturak, biak batera.