Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ionesco, Eugène

Frantziar idazlea (Slatina, Errumania, 1912). Jatorriz errumaniarra zen; 1938an Parisa joan zen doktoradutza prestatzera eta han gelditu zen bizitzen. Zentzugabekeria oinarri hartuta antzerkia egiten duten idazleen artean aipagarriena izan zen. Bere lanetan agertzen zen umoreak ez zuen harrera onik izan hasieran, baina bere lanetan agertzen zuen munduaren ikusmoldea gizarte maila guztiek onartu zuten. Gizarteak errealitaterik ez du Ionescorentzat eta haren azpian dagoen ezereza nabarmen uzten du antzerki lanetan. Obra aipagarriak dira: La cantatrice chauve (1950, Kantari burusoila); La leçon (1951, Ikasgaia); Les chaises (1952, Aulkiak); Jacques ou la soumission (1955, Jacques edo sumisioa). Bere lanak Comédie Française-an antzeztuak izan dira. 1970ean Frantziako Akademiaren kide izendatu zuten. Beste antzezlan batzuk: Tueur sans gages (1957, Alogera gabeko hiltzailea); Le rhinocéros (1959, Errinozeroa), Ionescoren komediarik ezagunena; Le roi se meurt (1962, Erregea hiltzen ari da). Obra autobiografikoak ere idatzi zituen eleberri moduan: Le solitaire (1973); Voyage chez les morts (1980, Hilen herrian gaindiko bidaia).