Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iņurrategi, Alberto

Gipuzkoar mendizalea (Aretxabaleta, 1967). Bere anaia Felixekin batera, 1990ean egin zuen lehen espedizioa Himalaiara, 7.161 metroko Pumori mendira igoz. Hamar urtez –2000. urtean Felix anaia ezbehar baten ondorioz hil zen arte– izugarrizko palmaresa lortu zuten biek elkarrekin. Lorpenik handienak Himalaian egin zituzten. Helburua 8.000 metrotik gorako 14 gailurrak igotzea izanik, horretarako lehen urratsa 1991n egin zuten, Makaluren gailurra (8.463 m) zapalduz. 1992an Everest igo zuten; Alberto izan zen, hain zuzen, oxigenorik gabe Everest mendia igo zuen lehen euskalduna eta munduko pertsonarik gazteena, 24 urte zituela lortu baitzuen. Iņurrategi anaiek zortzi milatik gorako hamabi gailur igo dituzte bederatzi urtean. Everesten ondoren, K-2 (1994), Cho Oyu (1995), Lhotse (1995), Kangchenjunga (1996), Shisha Pagma (1996), Broad Peak (1997), Dhaulagiri (1998) eta Nanga Parbat (1999) mendiak igo zituzten. 2000. urtean zortzi milakorik zapaldu zuten lehen mendizaleak Alberto eta Felix Iņurrategi izan ziren (Manasluren tontorra). Uztailean, berriz, Gasherbrum II zapaldu eta jaisterakoan, zorigaiztoko istripu batean, Albertok anaia galdu zuen betirako. Iņurrategi anaiek euskal mendizaletasuna profesionaltasunaren bidean jarri zuten. Felixek eta Albertok mendian beti erakutsi duten zuhurtasun eta tentuarengatik ezagunak egin dira. Euskal Herri osoan zehar eskaini zituzten ikus-entzunezko emanaldiekin euskal mendizaleei Himalaia erakutsi diete.