Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

inkontziente

iz. Pertsonaren konzientziak antzematen ez dituen gertaeren multzoa. || Psikoanalisian, ezagutzatik kanpo eta psikearen gune sakonenean dauden oroitzapenak, arrazoiak, asmoak… hartzen dituen adimenaren partea, subkontzientea baino ezkutuagoa dagoena. ik. subkontziente.  v  Sigmund Freud-ek adierazi zuen inkontzienteak pertsonaren jokaeran eragina izan zezakeela, pertsonak inkontzienteko gertaera horien oroitzapenik ez izan arren. Freud-en eta bere kideen ustez ametsak eta hizketan egiten diren hutsak inkontzienteak eraginak dira. Beste psikologia joera batzuek ez dute inkontzientea onartzen (Wilhelm Wundt), eta kontzientea soilik hartzen dute psikologiaren aztergaitzat. Hala ere, inkontzientearen jarduna onartua dago oro har gaurko psikiatrian. Freud-ek inkontzientean mailak bereizi zituen: idazlan bat irakurtzea adibidez, ezagutzaren hurbileko ekintza da (kontzientea); adimenera erraz etortzen diren datuak, ikasitako zenbakiak adibidez, hurrengo mailan daude (prekontzientea); berehala gogoratzen ez diren datuak, baina laster gogoratzen direnak inkontzientearen mailakoak dira; edo txikitan gertatutako gauzak, eta hipnosiaren bidez gogora daitezkeenak adibidez, inkontzientearen beheragoko mailakoak dira. Dena den, inkontzientearen jardunak zuzenean aztertu ezin diren gertaerak direnez gero, inferentzia da ikertzeko metodoa. Bestalde, inkontzientearen jatorria eta jarduna azaldu nahian egin diren azterketek ikusarazi dute eginkizun horietako asko nerbioen sistema nagusiarekin lotuta daudela (garuneko zelulen aldaketa kimikoak, odolaren zirkulazioa garunean…). Biologiazko eta fisiologiazko azkerketa horiek balio berria eman diote psikoanalisiaren teoriak inkontzenteaz esaten zuenari.  v  Inkontziente kolektiboa. Carl Jung psikiatrak berezitako inkontziente mota, gizarte osoari dagokiona, eta jaiotzatik burmuinetako egituretan dagoena. Inkontziente kolektiboa ez da norbanakoaren esperientzian oinarritzen, eta Jung-en ustez arketipoak eta oinarrizko irudi eta ideia unibertsalak biltzen ditu.