Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ingalaterra

Britainia Handiko erdialde eta hegoaldea hartzen duen herrialdea, zabalena eta biztanlerik gehiena biltzen duena. 130.363 km2 ditu eta 46.875.900 biztanle. Hiriburua: Londres. Ingelesa da hizkuntza ofiziala. Biztanle gehienak protestanteak dira. Ingalaterra hogeita hemeretzi konderritan banaturik dago. Mugak: ekialdean Iparraldeko Itsasoa; hegoaldean Mantxako itsasartea; mendebalean Gales eta iparraldean Eskozia. Irlandako Itsasoak eta San Jurgi itsasarteak Irlandatik bereizten dute eta Frantziatik Mantxako itsasarteak eta Calaisko itsasarteak. Cheviot eta Firth of Solway mendiek Eskoziarekiko muga markatzen dute.  v  Orografia eta klima. ik. Erresuma Batua.  v  Ekonomia. Erresuma Batuko herrialderik industrializatuena da. Nekazaritza ere oso mekanizaturik dago. Garia ekialdeko eta hegoaldeko lurraldeetan lantzen da, batez ere. Beste langai nagusiak: garagarra, azukre-erremolatxa eta patata. Abere hazkuntzari dagokionez, behia da nagusi, esnetarakoa batez ere (% 85). Arrantzak ere garrantzi handia du. Islandian, Norvegian eta Spitzbergen-en egiten da nagusiki arrantza; bakailaoa, legatza eta mihiarraina. Itsas portu nagusiak Hull eta Grimsby dira. Meagintzak ikatza ustiatzen du, batez ere. Horrez gain, mearik emankorrenak kobrea, beruna eta urrea dira. Siderurgiagune nagusiak: Teeside, Scunthorpe, Lincolnshire, Northamptonshire, Cumberland eta Funless daude.  v  Historia. Zeltak izan ziren Ingalaterrara iritsi zen lehen herri ezaguna. Klanetan banatuak zeuden, eta beren artean borrokan jardun ohi zuten. Erromatarrak K.a. I. mendean iritsi ziren eta K.a. V. mendea arte egon ziren bertan. Mende horretan bertan piktoak iparraldetik iritsi ziren eta Irlandatik eskotoak. Garai berean Iparraldeko Itsasotik jutoak, angloak eta saxoiak sartu ziren eta bretaniarrekin borrokan aritu ziren, harik eta herrialde osoa bereganatu zuten arte. Erasotzaile horiek VII. mendean kristautu ziren. 1017-135 urteetan normandiar piraten kontra egin zuten guduka. Haiek nagusitu ziren, Kanuto Handia gidari zutela. Hura hil zenean, anglosaxoiek Eduardo Aitorlea aukeratu zuten errege. Gilermok, Normandiako dukea baitzen, Eduardoren ondorengoa izan nahi zuen, eta Hastings-eko gatazka (1066) irabazi zuenean lortu zuen errege jartzea. Gilermok feudalismoa ezarri zuen eta bidea eman zion Frantziaren eraginari. XII. mendean Frantziako Plantagenet dinastiak hartu zuen erregetza. Dinastia horretako Juan Lurgabea aginpidean zegoela nobleak kontra jarri zitzaizkion eta Karta Magna sinatzera behartu. Karta horrek askatasunaren oinarriak ezartzen zituen. XIII. mendean Ingalaterrako Legebiltzarra eratu zen. Eduardo III.a agintean zegoela, Ehun Urteko Gerra (1337-1453) hasi zen Frantziaren kontra. Gerra amaiturik, dinastien arteko gerra hasi zen, eta Tudor dinastia agintera iritsi zen arte iraun zuen. Dinastia horrek monarkia absolutua eta protestantismoa ezarri zituen. Elisabet I.aren garaian britainiarrak mendebaleko Indietako koloniak zabaltzen hasi ziren, eta horrek gatazkak sortu zituen Espainiarekin. Cromwell-ek 1649an Errepublika ezarri zuen, Legebiltzarrak Karlos I.ari aginpidea kendu eta lepoa moztu ondoren. Gilermo II.arekin monarkia konstituzionala ezarri zen. Errege berarekin Eskoziarekiko batasuna lortu zen (1707). Hortik aurrerakoan, ik. Britainia Handia.