Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Illich, Ivan

Austriar pedagogoa (Viena, 1926 - Bremen, 2002). Teologia eta filosofia ikasketak egin zituen Erromako eta Salzburgoko unibertsitateetan. 1951n Estatu Batuetara joan zen. New Yorken Nazioarteko Informazio alorreko aholkulari izan zen, eta 1956an Ponce-ko (Puerto Rico) Unibertsitateko erretoreordea izendatu zuten. Elizaren pedagogiari kaltegarri deritza, eta erakundeetako hezkuntza moldeei, berriz, oinarri etikorik gabeko diru iturri. Illichen arabera, hezkuntza sistema horretan ikasleak interes soil-soilaren eta norgehiagokaren legean moldatzen dira. Eskolari hezkuntzaren monopolioa kentzea da, Illichen aburuz, irtenbide bakarra, eta eskolatik kanpo beste jakintza bide batzuk ezartzea. Inguru industrializatuetan praktikara eramateko eragozpen gaitzak dituzte Illichen teoriek; hala ere, eragin handia izan dute haren garaiko pedagogoengan. Argi askoak dira haren liburuen izenburuak: Eskola gabeko gizartea (1971), Eskola, behi lodi eta zahar hori (1968).