Iholdi
Nafarroa Behereko udalerria, izen bereko kantonamenduan (Arberoa). Iholdy du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Donostiri eta Armendaritze; ekialdean, Armendaritze eta Landibarre; mendebalean, Irisarri eta Heleta, eta hegoaldean, Suhuskune eta Landibarre. Garaiera, 135 m. 21,83 km2. 1999ko datuen arabera, 418 biztanle, 1990ean baino ia 100 gutxiago (iholdiarrak). Auzo nagusiak: Oltze, Hiribehere, Basaita, Hergarai, Oihanarte eta Iholdi. Aran ibaia igarotzen da bertatik. Euskara, behe-nafarrera; euskaldunak, % 98. Laborantza (garia, artoa, bazkarako landareak, landare lekadunak) eta abere hazkuntza (ardi eta behi azienda) ditu ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarria da San Joan parrokia eliza (XVI. m.), hilerriko hilarri ikusgarriak (XVI-XVII. mendekoak), Oxartiko ermita eta Oltzeko jauregia. v Historia. Iholdi Ingalaterrako erregearen mendeko lurraldeen barnean egon zen ehun bat urtez, 1245. urtean Teobaldo I.a Nafarroako erregeak bere egin zuen arte. Hiria kozkortuz joan zen XIII. eta XIV. mendeetan eta etxe nobleak sortu eta egokitu ziren bertan; Oltzeko etxe nagusia adibidez, horietako bat da. Iholdiko hiriak eremu autonomo bat osatu zuen, Armendaritzeko eta Irisarriko hiriekin batera, Irisarriko lurra deitua.