Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ickx, Jackie

Belgikar auto gidaria (Brusela, 1945). Motoziklismoko gidari gisa hasi zuen bere karrera. Hiru aldiz izan zen moto-krosean Belgikako txapeldun. 1964an Formula 2ra pasa zen (1967an Europako txapeldun izan zen), eta aldi berean turismoen kategorian ere leihatu zen (Belgikako txapeldun izan zen 1965ean). 1967an Formula 1eko Ferrari taldean sartu zen, eta 1968an izan zuen bere lehen garaipena, Frantziako Sari Nagusia. Urtebete geroago munduko txapeldunorde izan zen Brabham-Ford taldearekin. 1970ean Ferrari taldera itzuli zen, eta berriz ere pilotuen txapeldunorde gelditu zen. 1976an, Watkins Glennen izan zuen istripu larriaren ondorioz Formula 1 utzi eta beste era bateko lehiaketetan parte hartzen hasi zen: sei aldiz izan zen txapeldun Le Manseko 24 orduetan (1969, 1975, 1976, 1977, 1981 eta 1982), eta Porsche 856 batekin, beste bi aldiz Munduko Iraupen Txapelketan (1982 eta 1983).