Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ibn Gabirol, Selomo ben Yehuda

Hebrear filosofo eta idazlea (Malaga, Kordobako kaliferria, 1022 - Valentzia, 1070). Zaragozako hirian egin zituen ikasketak. Ongi ezagutu zituen kultura arabiarra, hebrearra eta Greziako filosofo klasikoak. Yekutiel Ibn Hassan izeneko mezenas juduak babestu zuen hasieran. Garai hartakoak ditu Kitab islah al-akhlaq (Izaeren zuzenketarako liburua) eta Mukhtar al-jawahir (Perla Aukera, errefrau bilduma) liburuak. Granadara jo zuen gero, bere mezenas babeslea hil zenean. Erlijioa nahiz mundu arrunta gai duten poemak idatzi zituen; amodioaren eta izadiaren goraipamena da nagusi Ibn Gabirolen lanetan. Keter malkut (Errege koroa) du olerkirik ospetsuena. Neoplatonismo kutsu handia darie haren filosofia lanei. Avicebron izeneko batek izenpetu zuen Meqqor hayyim (Biziaren iturria) liburua, haren filosofia obra nagusia. Jatorrizkoa galdu bazen ere, zabalkunde handia izan zuen obra horrek hurrengo mendeetan. XIX. mendean jakin zen Ibn Gabirol eta Avicebron pertsona bat eta bera zela.