Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Huppert, Isabelle

Frantses antzezlea (Paris, 1955). Lehenengo filmetan gazte erakargarriaren papera jokatu zuen: Yves Boisseten Dupont Lajoie (1975), Bertrand Tavernierren Le Juge et l'Assassin (1976, Epailea eta hiltzailea)… Biktima pasiboaren irudia eman zuen hurrengo filmetan, La Dentellière (1977, Claude Goretta) filmean adibidez. Violette Nozière (1978, Claude Chabrol) lana, berriz, bere patuaren kontra errebelatzen denaren istorioa da. Une horretatik aurrera, sarritan jokatu ditu, inozentziaren itxurapean, pertsonaia gaiztoak: Eaux profondes (1981, Michel Deville) eta Coup de torchon (1981, B. Tavernier ) lanetan ninfomano hiltzailea izan zen. Hala ere, Claude Chabrolen zuzendaritzapean lortu du Huppertek goren maila: Une affaire de femmes (1988) lanean abortuak egiten dituen baten papera izan zuen; Madame Bovary (1991) ere Chabrolekin egin zuen, eta orobat La Cérémonie (1995). Azken film horretan egin zuen paperagatik César bat lortu zuen.