Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hume, John

Britainiar politikaria (Londonderry, Ipar Irlanda, 1937). Hume izan da Ulsterren bake hitzarmena bideratu duen negoziazio prozesua hasi zuen politikarietako bat. Berak idatzi zuen Gerry Adamsekin batera 1993an John Majorri, garai hartan britainiar gobernuko lehendakari zenari, aurkeztu zitzaion Bake Planaren lehen zirriborroa. Hori zela eta, Bakearen Nobel saria jaso zuen 1998an. 1960ko hamarkadan Ipar Irlandako katolikoek kanpaina bati ekin zioten, manifestazio baketsuen bidez protestanteekiko eskubide berdintasuna eskatzeko. Giro horretan Alderdi Sozialdemokrata Laborista sortu zuen Humek 1970ean. 1973an izan zuen gobernuan lehen kargu garrantzitsua, Merkataritza ministro izendatu baitzuten. 1979an Europako Parlamenturako diputatu aukeratua izan zen, eta 1982an Britainia Handiko Parlamenturako aulkia lortu zuen. Ipar Irlandako jarrera politiko batzuk eta besteak adosteko ahaleginean, Sinn Féin-eko buruzagi Gerry Adamsekin, IRAren adar politikoaren buruarekin, hasi zen ezkutuan hitz egiten, indarkeria egoerari konponbide bat emateko asmoz. Helburu berarekin bultzatu zituen 90eko hamarkadan bilerak John Major Lehen Ministroarekin eta protestante unionisten buruekin, eta hala, negoziazioko lehen foro bat osatu zen. 1993an G. Adams-ekin batera idatzi zuen dokumentua ez zuten onartu, ezkutuan Sinn Féinekin harremanetan jarraitu zuelako. Hala ere, dokumentu horrek ireki zion bidea 1993ko abenduan Britainia Handiko eta Irlandako Lehen Ministroek, J. Major-ek eta A. Reynolds-ek, izenpetu zuten Downing Street-eko Printzipioen Adierazpenari. 1994an IRAk baldintzarik gabeko su-eten iraunkorra adierazi zuenean, oso goraipatua izan zen komunikabideetan eta inguru politikoetan, esanez bere ahaleginari esker lortu zela mirari hori. 1994an A. Reynolds eta G. Adams bildu zirenean, bera bertan egon zen. Urte horretan bertan Europako Parlamentuko talde sozialistak Bakearen Nobel sarirako hautagai proposatu zuen. 1998an jaso zuen sari hori, David Trimblerekin batera Ipar Irlandako gatazkari irtenbide baketsua aurkitzeko egindako ahaleginengatik.