Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Huici Gonzalez de Villazon, Victoriano

Nafar idazlea (Etxarri-Aranatz, 1860 - Etxarri-Aranatz, 1938). Apaiz egon zen Abaurrepean, Larunben, Uharte-Arakilen, Unanuan, Etxarri-Aranatzen, Altsasun eta Urdiainen, 1906. urtean, Jesusen Lagundian sartu arte. Ez zuen luzaroan iraun ordena horretan eta apaiz gisa erretiratu zen berriro bere sorterrira. Nafarroako apezpikuek herri euskaldunetara gero eta apaiz erdaldun gehiago bidaltzen ari zirela eta, protesta egin zuen Huicik elizako hierarkiaren aurrean, baina ez zuen erantzun egokirik jaso. Eliztar euskaldunen aldeko ahalegin haien fruitu, Manual de gramática bascongada liburua eskaini zuen 1899. urtean, Diccionario de algunas voces más usadas en esta villa de Echarri-Aranaz y en su comarca hiztegiaz batera. Apaiz erdaldunak euskararen ikasbidean abiaraztea zuen helburu liburu hark.