Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Huerta, Dolores

Estatu Batuetako buruzagi sindikal eta aktibista soziala (Dawson, Mexiko Berria, 1930). Hispanoa da jatorriz. Maisu ikasketak egin ondoren, nekazaritzako langileen seme-alabei irakasten hasi zen. Gero ohartu zen eragin handiagoa izan zezakeela gurasoei lagunduz. 1950ean, Ameriketako hispanoen bizimodua hobetzeko sortu zen Community Service Organization-ekin (CSO, Komunitate Lanerako Erakundea) aritu zen lanean. Asko kezkatzen zuen nekazaritzako langile etorkinen egoerak, diru beharragatik, talde organizaziorik ezagatik eta ingelesa ez jakiteagatik esplotatu egiten baitzituzten. CSOk ez zion babesik eman nekazaritzako langileak organizatzeko ahaleginean, eta beraz, erakunde hori utzi eta 1962an National Farm Workers Association (NFWA, Nekazaritzako Langileen Elkarte Nazionala) sortu zuen César Chavezekin batera, nekazaritzako langile etorkinei beren soldatak eta lan baldintzak hobetzen laguntzeko. Huerta NFWAren lehen lehendakariordea izan zen. Langileei beren eskubideen berri emanez, piketeak antolatuz, politikariekin hitz eginez, dirua bilduz, boikot nazionalak antolatuz eta kontratuak negoziatuz, langileen osasuna eta lan baldintzak hobetu zituen; besteak beste, DDT eta bestelako pestizidak erabiltzea eragoztea lortu eta Kalifornian lehendabiziko aldiz nekazaritzako langileek hitzarmen kolektiborako zuten eskubidea onar zedin lortu zuen. Soldatak bermatzeko funtsak, pentsio funtsak eta irratiak antolatzen parte hartu zuen. Beste zenbait sariren artean, 1993an National Women’s Hall of Fame saria jaso zuen.