Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hopper, Grace Brewster Murray

Estatubatuar matematikaria eta militarra (New York, 1906 - Arlington, Virginia, 1992). Datu prozesatzaileen aitzindaria. Vassar Eskolan eta Yaleko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1931n Vassaren lanean hasi zen, matematika irakasle gisa, eta 1943an itsas armadan sartu zen. Teniente maila lortu zuenean, Harvardeko Unibertsitateko Howard Aiken kalkulu laborategiko ikertzaile izendatu zuten. Han Mark I (1944) makinarekin –ordenagailuen edo konputagailu elektronikoen aitzindaria– lan egin zuen, programatzaile gisa. 1949an Eckert-Maulchy Computer Corporation konpainian (gero Sperry Rand-ek bere egin zuen) hasi zen lanean, eta lehen programa biltzailea asmatu zuen, ingelesez esandako aginduak ordenagailu bateko makina hizkuntzara itzultzen zituen lehen programa. Aurrerago, Flow-Matic (1957) eta COBOL (1959-1961) programazio hizkuntzak garatzen lan egin zuen. 1966an erretiroa hartu zuen armadan, baina berriro deitu zuten, denboraldi baterako, itsas armadaren informatizazioa zuzentzeko. 1973an kapitain izendatu zuten, eta 1983an kontralmirante.