Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hopkins, Anthony

Britainiar antzezlea (Port Talbot, Hego Gales, 1937). Cardiffeko Antzerki Eskolan eta Arte Dramatikoko Errege Akademian egin zituen antzezle ikasketak. Protagonista gisa egin zituen lehenengo filmak Coriolano (1971) eta Macbeth (1972) dira. Broadwayn 1975ean egin zuen debuta, Equus obrarekin. Zineman Rikardo Lehoi-Bihotzen papera egin zuen bere lehen filmean: Lehoia neguan (1968, Anthony Harvey). Parte hartu duen film nagusien artean, aipagarriak dira, besteak beste: Xantaia emazte bati (1973, Joseph Losey); Enigmak Juggernaut izena du (1974, Richard Lester); Elefante gizona (1980, David Lynch); Matxinada ontzian (1984, Roger Donaldson); Azken gutuna (1987, David Jones). Hopkinsi ospe gehien eman zion papera, baina, Jonathan Demmeren The Silence of the Lambs (1991, Arkumeen isiltasuna) filmean egin zuena da. Lan hari esker antzezle onenaren Oscar saria irabazi zuen. Beste lan batzuk: Bram Stoker's Dracula (1992, Bram Stoker-en Drakula, Francis F. Coppola); Howards End (1992, James Ivory); The Remains of the Day (1993, Egunaren azken hondarrak, J. Ivory, Oscar sarirako izendatua); Shadowlands (1993, Lur itzaltsuak, Richard Attemborough); Legends of the Fall (1994, Edward Zwick); Nixon (1995); Surviving Picasso (1995).