Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hodei

iz. Ur tanta guztiz txikiez osatutako multzoa, eguratsean dilindan mantentzen dena. v Meteor. Hodeiak airearen baitan geratzen dira eta kolore aldakorrekoak izaten dira, eguzkiaren argia jasotzen duten moduaren arabera. Hodeiak aire masa hoztuak dira. Ur lurrunez osaturiko airea beherantz joaten denean, edo lurrarekin edo beste aire geruza hotzago batekin topo egiten duenean airea hozterakoan sortzen dira. Presio aldaketek eta irradek ere sor ditzakete; lurrunduriko euri tantak atmosferan izaten diren hauts, itsas gatz, ke edo bestelako hondarrei eransten zaizkie. Ur tanta hauek duten pisuagatik erori egiten dira (tanta txikiak erortzean berriro lurruntzen badira ere, behar adina handitzen badira, lurrera iristen dira eta era horretan euria sortzen da). 1929. urteko Nazioarteko Meteorologia Batzarraren arabera lau motako hodeiak bereiz daitezke: a) hodei garaiak (6.000 m-tik gorakoak): zirruak, zirroestratuak eta zirrokumuluak. b) erdialdeko hodeiak (2.000 eta 6.000 m tartekoak): goi-kumulua eta goi-estratuak. c) behe hodeiak (2.000 m arte): estratukumuluak, estratuak eta ninboestratuak. d) hodei zutak: kumuluak eta kumulunimboak. Meteorologian oskarbi dagoela esaten da hodeiek zeruaren 3/10 betetzen ez dutenean; erdi hodeitua edo erdi estalia, hodeiek zeruaren 3/10 eta 7/10 bitartekoa betetzen dutenean; eta hodeitua edo estalia berriz, 7/10 baino gehiago betetzen dutenean.