Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hochhuth, Rolf

Alemaniar idazlea (Eschwege, Hessen, 1931). Lehen mailako ikasketak egin zituenean, liburu saltzen hasi zen. 1963an Der Stellvertreter (Ordezkoa) argitaratu zuen, Pio XII.aren gobernupean, juduen sarraskiaren aurrean, Vatikanoak izan zuen jarrerari buruzko drama dokumentala. Liburuak arrakasta handia izan zuen, eta harrezkero Hochhuth idazle profesional bihurtu zen. Aurrekoaren haritik idatzi zituen hurrengo bi liburuak ere: Soldaduak (1967) eta Gerrillak (1970). Die Hebamme (1971, Emagina) komedian agerian utzi zuen parien auzia Alemaniako mendebaldeko industria gizartean. Juristen (1979, Legelariak) gizarte maila horren kiritika zorrotza da. Tod eines Jägers (1976, Ehiztari baten heriotza), Ernest Hemingway idazlearen ustezko zuribidea da bere buruaz beste egin aurretik. Ärztinnen (1980, Medikuak), farmazia industriaren sariez bezeroez baino gehiago kezkatzen diren medikuen kritika garratza da; Unbefleckte Empfängnis (1989, Sorkunde hobengabea) obran seme-alabak sortzeko beren gorputza alokatzen duten amei buruzko istorioa azaldu zuen. Alemaniaren batasunaz eta horrek izango zituen ondorio negatiboez jardun zuen, berriz, Wessis in Weimar (1993) lanean. Narrazio eta eleberrien artean, aipagarriak dira, besteak beste Die Berliner Antigone (1963, Berlindar Antigona) eta Eine Liebe in Deutschland (1978, Maite bat Alemanian). Hochhuthen obran, bai dramek bai hitz lauzko lanek agerian uzten dituzte beti historiaren tabuak eta gorabehera ilunenak.