Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hitler, Adolf

Alemaniar politikaria, Austriar jatorrikoa (Braunau, Goi Austria,1889 - Berlin, 1945). Nekazariez eta funtzionario apalez osaturiko familia katoliko batean sortu zen. 1905ean Vienara joan zen artea ikasteko asmotan. Vienako Arte Ederretako Akademian bi aldiz porrot egin (1907-1908) eta ama hil ondoren (1908ko abendua), bost urte eman zituen bizimodua ateratzeko lan xumeak eginez. Vienako giro antisemitaz kutsaturik, juduenganako gorrotoa piztu zitzaion; sozialdemokraten aldera ere ez zuen sentimendu hoberik agertzen. 1912an Munich-en hartu zuen bizilekua. 1914ko gerra-aldarrikapena bozkarioz harturik, Bavariako armadan sartu zen. Bi aldiz larriki zauritua izan zen eta kaporal gradua eman zioten. Gerran izandako jokabide adoretsuagatik burdinazko gurutzea irabazi zuen, ofizialak ez zirenei bakan baizik ematen ez zitzaien saria. Gerra amaiturik, armadaren politika hezitzaile gisa jardun zuen. 1919an Langileen Alderdi Alemana izeneko eskuin muturreko taldearekin harremanetan jarri zen. 1921ean Röhm kapitainaren laguntzarekin alderdiko lehendakari bihurtu zen, eta izena aldatu: Langile Alemanen Alderdi Nazionalsozialista sortua zen. Bavarian abertzalekeriazko demagogia erabiliz nahikoa entzutea lortu zuen. Aldi berean, alderdiko erakunde paramilitarrak, S.A. (Sturm Abteilung edo Eraso Saila) deiturikoak izua hedatzen zuen aurkari politikoen artean. Mussoliniren ereduari jarraituz eta Ludendorff jeneralaren laguntzaz, Munich-eko aginte-kolpea antolatu zuen (1923ko azaroaren 8 eta 9rako). Bavariako gobernuaz jabetzeko saio horrek huts eginik, 5 urteko kondena jaso zuen Hitler-ek. Kartzelan emandako urtebetean, gerora nazionalsozialismoaren ideologiaren adierazle nagusia izango zen Mein Kampf (Nire borroka)  obra idatzi zuen. Kartzelatik irten ondoren, alderdia antolatzeari ekin zion eta itxuraz politika moderatuagoa egin zuen; aldi berean. zenbait industria gizonekin harremanetan hasi zen. Izan ere, 1924-1929 bitarteko urte oparoetan Alemanian ez zen Hitlerrenak ziren bezalako muturreko ideietarako leku handirik izan. 1929ko krisi ekonomikoak eragindako milioika langabetu etsiek, ordea, indar berria eman zioten alderdiari: 1928an 12 diputatu izatetik 107 izatera pasa zen 1930ean. 1932ko urtarrilean Hitler lehendakaritzarako hautagai izan zen, Hindenburg berriro garaile irten zen hauteskundeetan. Von Pappen-ek eskuratu zuen kantzilergoa (1932ko martxoa), eta S.A. eta S.S. (Schutz und Staffel, Hitler-en zaintza) legeztatu zituen, naziak beren probetxurako erabili ahal izango zituela uste baitzuen. Abenduan Hitler-en etsai politikoa zen Schleicher jenerala kantziler izendatu zuten, baina, alderdien arteko azpilan eta negoziazioen ondoren, Hitler-i eman zitzaion kantzilergoa (1933ko urtarrilaren 30a). Harrezkero diktadura aldia abiatu zen: alderdi komunista legez kanpo utzi zuen; muga gabeko aginpidea jaso zuen diputatuengandik (1933ko martxoa); Gestapo izeneko polizia politikoa sortu zuen (apirila); arraza-garbiketa programari ekin zion, juduak kontzentrazio-esparruetan sartu zituen; alderdi nazionalsozialista alderdi bakartzat aldarrikatua izan zen (ekaina). Labana luzeen gaua deiturikoan (1934ko ekainaren 30a) eskuineko aurkariak hilarazi zituen: alderdikoak (Röhm eta gainerako S.A.ko buruzagiak, G. Strasser) eta alderdikoak ez zirenak (Schleicher, Von Kahr, etab.). Hindenburg-en heriotzaren ondorengo hauteskundeetan (1934ko abuztua), alemaniarren % 90ek baietza eman zioten Hitler lehendakari eta kantziler izendatzeari. Harrezkero Führer (buruzagi, aitzindari) deitura harturik, bere “Ordena Berria” ezartzeari ekin zion, gazteria, irakaskuntza, kultura eta langileria, guztiak bere mende zeuden erakundeetan antolaturik. Langabeziaren auzia armagintza eta lan publikoen bidez konpondurik, alemaniar herria bere alde jarri zuen. Versaillesko itunean erabakitakoaren aurka, Renanian armada sartu zuen (1936ko martxoan). Espainaiko gerran (1936-1939), alemaniar hegazkinek Gernika suntsitu zuten (1937ko apirilaren 27an). Bizi-espazioa-ren dotrinaren arabera, Hitler-ek alemanez mintzo ziren herrialde guztiak batu nahi izan zituen. Horretarako, bai gobernuan eta bai armadan ideia horren aldeko ez zirenak kanpora bota zituen, eta armadaren aginte gorena ere bere gain hartu zuen. Alemaniako tropak Austrian sartu ziren, eta Anschluss delakoa (“atxikitzea”, Alemaniarekin bat egitea, alegia) aldarrikatu zuten (1938ko martxoaren 15a). Txekoslovakiako alemaniar minoria aitzakiatzat harturik, herrialde haren laurdena eman zitzaion Munich-eko hitzarmenaren arabera (1938ko irailaren 30a). Gero Bohemia-Moravia hartu zuen bere “babespean” (1939ko martxoaren 15a). Polonian sartzeak Bigarren Mundu Gerra piztu zuen (1939ko irailaren 1a). Gero Danimarka, Norvegia, eta Frantzia bere egin zituen. Herrialde guztiotan Alemanian erakutsitako politika molde bera erabili zuen. Europako mugak erabat berritu ziren. SESBen aurka eraso eginik (1942ko ekainaren 22a), Hitler-en gudarosteak arrakasta lortu zuen fronte guztietan, baina Stalingradoko setioak (1943ko otsaila) bi alderdien arteko halako oreka bat ekarri zuen. Alemaniarren gainbehera aurreratu ahala, Hitler-en hurbileko laguntzaile batzuek Führer-en aurkako atentatuak prestatu zituzten. Hala, 1944ko uztailaren 20an Von Stauffenberg koronelak bonba bat jarri zuen Hitler-en kuartel nagusian. Kolpeak huts egin zurela ikusita, Hitlerrek matxinatuak hilarazi zituen (Canaris mariskala) edo bere buruaz beste egin zuten (Rommel jenerala). Gerrako azken hilabeteetan,  arma sekretu berriei esker (V-1, V-2, bonba atomikoa) garaile ateratzea espero zuen. 1944ko azarotik aurrera Kantzileritzaren azpiko bunker batean bizi izan zen. Bere buruaz beste egin zuen, bertan, Eva Braun emaztearekin batera (1945eko apirilaren 30a), Dönitz almirantea  bere ondorengo izendatu ondoren.