Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hitchings, George Herbert

Estatubatuar farmakologoa (Hoquiam, Washington, 1905 - Chapell Hill, Ipar Carolina, 1998). Washington eta Harvarden egin zituen ikasketak. Biokimika Ikerkuntzako sailaren zuzendari izan zen Borroughs Wlcomen (Ipar Carolina), 1968 eta 1984 bitartean, eta farmakologiako irakasle Brown Unibertsitatean (1968-1980), Duken (1970) eta Chapen Hillen (1972). 1942an gai konposatu purinikoen taldearen farmakologia ikertzeko programa bat hasi zuen. Hitchingsek proposatu zuen purinak, zelulen metabolismoan hartzen duten lekuagatik, zenbait eritasun kontrolatzeko erabil zitezkeela. 1951n 6-merkaptopurina (6MP) sintetizatu eta saiatu zuen. Gai hori DNAren sintesiaren inhibitzaile zen, eta zenbait minbizi tratatzeko aplikatzen hasi zen. Aurrerago frogatu ahal izan zen bezala, 6MPk antigorputzen sorrera inhibitzen zuen untxien organismoan. 1960an, aurrekoekin lotutako gai konposatu bat erabili zen, “imurana”, giltzurrun txertaketetan gorputzak errazago onar zezan txertaturiko organoa. Aurrerago, “alopurinola” aurkitu zuen, azido urikoaren produkzioa eragozten duen gai bat; beraz, hezueria tratatzeko erabiltzen da. Hitchingsek prestatutako beste gai batzuen artean, aipagarria da, adibidez, “daraprima”, malariaren kontrakoa; eta “trimetoprima”, bakterioen aurkakoa. 1988an, Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria jaso zuen, James Whyte Black eta Gertrude B. Eliotekin batera.