Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hingis, Martina

Suitzar tenis jokalaria (Kosice, Eslovakia, 1980). Munduko tenis jokalaririk onentsuena, Steffi Graf alemaniar txapeldunaren ondorengoa. Txikitandik nabarmendu zen tenis jokalari gisa, eta txapelketa asko irabazi zituen, bai Txekoslovakian, bai, gero, Suitzan, familia hara joan baitzen bizitzera. 1989-1994 bitartean, adibidez, bost aldiz atera zen Suitzako txapeldun aire zabalean, hiru aldiz pista estalian, bi aldiz Europako txapeldun izan zen, bi aldiz irabazi zuen Roland Garros ospetsua (1993, 1994), eta behin Wimbledon (1994). Profesional gisa, 1994ko urriaren 14an hasi zen, Women Tennis Association (WTA) elkarteko zerrendako 399. tokian. 1996ko urtarrilerako munduko lehen 15 jokalarien artean kokatu zen. Sei hilabete geroago, Wimbledoneko bikote txapelketa irabazi zuen, Helena Sukova txekiarrarekin batera. 1997ko urtarrilean, 16 urte eta bost hilabete zituela, Australiako irekia irabazita, WTA elkarteko lehen postua lortzen zuen jokalaririk gazteena bihurtu zen. Urte horretan bertan hamar txapelketa irabazi zituen, Grand Slam-eko lauetatik hiru, besteak beste: Australiako irekia, Wimbledon, eta Estatu Batuetako irekia; Roland Garrosen finala galdu zuen, Iva Majoli kroaziarraren aurka.