Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hindenburg, Paul von Beneckendorff und von

Alemaniar mariskal eta politikaria (Posen, 1847 - Neudeck, Ekialdeko Prusia, 1934). Prusiak Austriaren aurka egindako gerran esku hartu zuen (1866), bai eta Frantziaren aurkakoan ere (1870-1871). Gero militar ikasketak egin eta lanbidez militarra izan zen. 1900ean dibisioko jeneral izendatu zuten. 1914ko gerran, jadanik erreserban zegoela, deitu egin zuten errusiarren erasoa geldiarazteko. Garaile irten zen Tannenberg-en (1914ko abuztua) eta Masuria aintziretan (iraila). Ekialdeko gudarostearen buruzagi nagusi izendatu zuten, eta 1915ean Polonia eta Lituaniako ekinaldietako garaipenak lortu zituen. Gudarostearen Buruzagi izendatu zuten, Falkenhayn-en ordez (1916eko abuztua), eta alemaniar eta austriar gudarosteen aginte gorena eskuratu zuen (1916ko iraila). Harrezkero eragin erabakiorra izan zuen, bai gerra arazoetan, bai politikan. Gilen II.ak behin baino gehiagotan onartu behar izan zituen haren ikuspuntuak eta haren iritziz etsaiekiko politika epelegia zeramaten zenbait gobernu gizonen dimisioa eragin zuen (Bethmann-Holweg, von Kühlmann). 1917ko azaroan armistizioa izenpetu zuen Errusiarekin eta Errumaniarekin Brest-Litovsk-en. Fronte hartan ziren dibisioak ekarri eta lau eraso bortitz jo zituen aliatuen aurka 1918ko martxo-uztaila bitartean. Hindenburg 1919an erretiroa hartu eta ez zen politikan gehiago aritu, harik eta eskuineko alderdiek, aginpidea ezkerrekoen esku eror ez zedin, laguntza eskatu zioten arte (1925). Apirilean estatu-buruzagi hautatu eta 1932an karguan berretsi zuten. 1933an Hitlerren kantziler kargua izenpetu zuen.