Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hildersheimer, Wolfgang

Alemaniar idazlea (Hanburgo, 1916 - Poschiavo, Suitza, 1991). 1937-1939 bitartean, agertokiko pintura eta muntaketa lanak egin zituen Central School of Arts and Crafts eskolan, Londresen. 1946-1049 bitartean, gudarostean, interprete gisa jardun zuen eta Nurembergeko gerra prozesuetako hitzarmenen erredakzio lana egin zuen. Marrazkilari eta kazetari gisa lan egin ondoren, 1950ean, berriz ere buru-belarri hasi zen idazten. Bere obran fizkioa eta errealitatea nahasten dira beti: Lieblose Legenden (1952, Maitasunik gabeko elezaharrak), Paradies der falschen Vögel (1953, Hegazti faltsuen paradisua). Bigarren eleberri horretan, pertsonaia faltsu batzuek aurre egiten diote, gaiztakeria satirikoz, gezurrez eta faltsukeriaz betetako munduari. Über das absurde Theater (1960, Antzerki absurdoaz) eta Interpretationen (1969, Interpretazioak) saiakeretan, ikuspegi ironiko hori halako urruntze borondatezko bihurtu zen: errealitatea distantziatik baizik ezin da antzeman, eta horrela ere, zerbait absurdoa bezala soilik. Hildesheimerrek, nahiz eta 47-ko Taldeko bileretan parte hartu, ez zion sekula jarraitu H. Böll edo G. Grassek irekitako ildoari; berak hartu zuen bidea, oso bestelakoa, James Joyce, Samuel Beckett edota Albert Camusi jarraituz osatu zuen. “Absurdoaren” kontzeptua bere produkzio osoaren funtsa izan zen handik aurrera. Horren ondorioz, haren obrak halako tonu melankoliko bat hartu zuen, bai antzerki lan batzuetan –Spiele, in denen es dunkel wird (1958, Gaua sartzen den obrak)–, bai irratirako idazlanetan –Herrn Walsers Raben (1960, Walser jaunaren beleak), bai tragikomedietan –Die Verspätung (1961, Atzerapena)–. 1975. urte inguru arte, haren obrak gero eta atzerago egin zuen, benetako barne bakarrizketa bihurtu arte: Monolog (1974, Bakarrizketa), Tynset (1965) eta Masante (1973). Obra horietan, fantasiaren eta errealitatearen eta iraganaren eta orainaren arteko asoziazio joko bat da barneko eta kanpoko munduen arteko gatazka. Auzi hori bera agerian geratu zen Mary Stuart (1971) antzerki lanean ere, non, pertsona baten nortasunaren eraikuntza prozesuaren bitartez prozesu historiko oso bat islatzen den. Hala gertatzen da, baita ere, Mozart eta Marboten biografiekin, fikzioa eta errealitatea nahasturik ostera ere.