Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hilbert, David

Alemaniar matematikaria (Königsberg, 1862 - Gottinga, 1943). XX. mendeko lehen erdian Alemaniako matematika eskolako maisu eta garaiko matematikaririk famatuenetakoa da Hilbert. Königsberg-eko eta Göttingen-eko unibertsitateetako irakasle izan zen. 1890ean argitaratu zuen txostenean, inbarianteen teoriaren oinarrizko legeak adierazi zituen, bai eta polinomio idealen teoria ere; geometria aljebraikoan eta aljebra modernoan funtsezkoak izan dira lan hauek. Orobat, 1897an zenbaki aljebraikoen gorputzen teoria eman zuen aditzera. Geometriaren oinarriak aztertu eta axiomak finkatzearen arazoa azaldu zuen (Geometriaren oinarriak, 1899). Berak sorturiko formalismoak onespen zabala izan zuen. Haren izena matematikaren kontzeptu eta teorema askori loturik dago: Hilbert-en espazioa, Hilbert-en ikurra, Hilbert-en zeroen teorema, Hilbert-en oinarrizko teorema, etab.