Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Highlands

(Eusk. «Goi Herriak»). Eskoziaren iparraldeko lurraldea. Bi parte ditu: Northern Highlands iparrean eta Granpiar Mendiak hegoan. Bietan ere erliebea malkarragoa da mendebalean eta leunagoa ekialdean. Granpiar mendietan dago Britainiar uharteetako gune garaiena: Ben Nevis (1343 m). Highlands-etako erliebea glaziarrena da: badira glen edo haran estuak (Glen More da ezagunena), loch edo ur gezatako aintzirak (Lomond, Ness, Tay, Maree, Shin) eta itsasora zabaltzen diren fiordo estuak (Dornoch firth, loch Linghe, Moray firth). Ibai ugari dago; handienak Tay, Dee eta Spey dira. Eskoziako lurralderik pobreena da Highlands. Abeltzaintza da baliabide nagusia (ardi eta behi azienda). Kostaldeko herriak arrantzatik bizi dira. Lurraldearen edertasunak turismoaren garapena ekarri du. Hiri nagusia: Inverness. Bertako hizkuntza, gaelikoa, ia erabat desagertua da, Atlantiko aldeko zenbait herrigunetan izan ezik.