Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herrera, Helenio

Futbol jokalari eta entrenatzaile argentinarra (Buenos Aires, 1916 - Venezia, 1997). Futbolari gisa, 1931n hasi zen, Boca Juniors taldean. Familiarekin Casablancara emigratu ondoren, hiri hartako Racing taldean jokatu zuen. Frantziako herritartasuna hartuta, Frantziako zenbait taldetan jokatu zuen gero, eta Frantziako selekzioarekin bi aldiz. Baina Herrera entrenatzaile gisa nabarmendu zen batez ere. 1948an hasi zen, Espainiako Valladolid taldean. Gero, Madrilgo Atlético taldean, Espainiako Liga irabazi zuen bi aldiz (1950 eta 1951 urteetan). Madril utzita, Malaga, Coruñako Deportivo, Sevilla eta, Portugalen, Os Belenenses taldeen entrenatzaile izan zen. 1958an Bartzelonak kontratatu zuen, bi urtez, eta Ligako bi titulu irabazi zituen (1959 eta 1960), Espainiako Kopa bat (1959), eta Feria Kopa bat (1960). Azken urte horretan Italiara joan zen, Milango Inter taldeak kontratatuta. Milanen egin zituen zortzi urteetan hiriko futbol taldeak bere historiako urterik gogoangarrienak bizi izan zituen: bi Europako Kopa (1964 eta 1965), bi Nazioarteko Kopa (1964 eta 1965), eta hiru Liga (1963, 1965 eta 1966) irabazi zituen. Bien bitartean, Espainiako selekzioa entrenatu zuen Txileko Munduko Txapelketarako (1962). Erroma eta Rimini taldeetan aritu ondoren, Bartzelonaren entrenatzaile izan zen 1980-1981 urteetan, eta 1981eko Errege Kopa irabazi zuen.