Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hepburn, Katharine

Estatu Batuetako zinema antzezlea (Hartford, Connecticut, 1907 - Old Saybrook, Connecticut, 2003). Antzerkian egin zuen lan George Cukor zuzendari zuela; zuzendari horrek berak bultzatu zuen zinemagintzara 1932. urtean. Ospea ekarri zioten lehen filmetan, aipatzekoak dira Cukor zuzendariarekin egin zuen Little women (1933), African queen (Afrikako erregina, 1952), John Huston-ekin, eta Suddenly, last summer (1959), J. L. Mankiewicz-ekin. Zinema, antzerkia eta telebistarako egin zuen lan bere bizitzan zehar. Bi urte jarraietan jaso zuen antzezle hoberenaren Oscar saria S. Kramer-en Guess who’s coming to dinner (1966, Asmatu nor den afaltzera etortzeko) eta A. Harvey-ren The lion in winter (1967, Lehoia neguan) filmetan egin zuen lanagatik. Geroko lanen artean, aipatzekoak dira The madwoman of Chaillot (1970, Chaillot-eko emakume eroa), The Trojan women (1971, Troiako emakumeak), Rooster Cogburn (1975) eta On golden pond (1981, Urrezko urmaelean); azken film horrekin ere antzezlerik onenaren saria eskuratu zuen.