Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Heine, Heinrich

Alemaniar idazlea (Düsseldorf, 1797 - Paris, 1856). Ondasunik gabeko familia batean sortu zen, eta Hanburgoko osaba bankari bati esker zuzenbide, filosofia eta literatura ikasketak egin zituen Bonngo, Göttingengo eta Berlingo unibertsitateetan. Bonnen Schlegel-ekin ikasi zuen eta Berlinen Hegelen eragina jaso zuen (1821). Göttingen-en, zuzenbidean doktoratu ondoren, Luteroren fedea hartu zuen (1825). Urte haietarako hasia zen Heine bere literatura jardueran, gerora ospetsu egingo zuten bi generotan: poesia lirikoan eta kazetaritzan. Horrenbestez, Gedichte (1821, Poemak) eta Lyrischen Intermezzo (1823, Intermezzo lirikoak) hitz neurtuzko lehen obrak eta Briefe aus Berlin (1821, Berlingo gutunak), Renaniako egunkari batean agerturiko lehen kazetari lanak argitaratuak zituen. Reisebilder (1826-1831, Bidaia irudiak) Italian eta Britainia Handian zehar egindako bidaien emaitza da. Bere ideia liberalak agertu zituen bi liburukitan, izpiritu satirikoarekin eta kazetari sena agerian utzita. Ideia horiek eztabaidarako bide izan ziren, eta haiek zirela eta, zentsura jarri zioten Alemaniako hainbat egunkaritan. Anartean, aurreko obra lirikoa bildu zuen obra bakar batean: Buch der Lieder (1827, Kantu liburua). Arrakasta handiko liburu horretan autorearen molde erromantikoak agertzen dira, baina baita sentimentalismo horrekiko irribarre ironikoa ere. Poesia herrikoiaren oihartzunak agerikoak dira olerki horietan (Lorelei ezaguna), Schumann, Schubert eta beste zenbait musikalarirengan eragina izan zutenak. Judua izateak eta Alemaniako gizarteaz egiten zuen kritika gero eta zorrotzagoak ez zioten lagundu lana aurkitzeko orduan. Horrenbestez, Parisa joan zen (1831) giro liberalago baten bila. Parisen, harremanak izan zituen herrikide batzuekin (Lasalle, Wagner, Marx), baita frantses intelektual askorekin ere (Balzac, Hugo, Musset, Sand). Prentsa artikulu anitz argitaratu zituen bai Alemaniako eta bai Frantziako aldizkarietan, eta bi herrialdeen arteko elkar aditze intelektualaren aldeko lan handia egin zuen. Artekari lan hori liburuetan ere agertu zen: Französische Zustände (1832, Frantziako egoera); De l’Allemagne (1833, Alemaniaz, frantsesez idatzia). Romantische Schule (1833-36, Eskola erromantikoa) izeneko liburuan kontserbadoreen ideologia kritikatu zuen. Saint-Simonen ideiak eta Hegelen garrantzia azpimarratu zuen beste liburu batean: Geschichte der Religion und Philosophie in Deutschland (1835, Erlijioaren eta Filosofiaren historia Alemanian). Aldi berean, satira politikoa ere landu zuen bere olerkigintzan: Atta Troll (1843), Alemaniako idazle liberalen aurka; Deutschland, ein Wintermärchen (1844, Alemania, neguko ipuina) liburuan Karl Marxen eragin agerikoa agertzen da. Azken aldian lirikara itzuli zen: Romanzero (1851). Obra horretan zortzi urtez ohean eduki zuen gaitzak eragindako oinazeak deskribatu zituen. v Heine Europa osoan itzulia eta ezaguna izan zen, baina haren obrari buruzko iritziak oso kontrajarriak izan dira. Nolanahi ere, gehienentzat Alemaniako erromantizismoaren eta errealismoaren artean sorturiko olerkari handiena da Heine, eta Nietzsche, Mann eta Brecht-ek, besteren artean, haren balioa aitortu dute.